Auzolana berreskuratzeko eta herria txukuntzeko dei egin du Udalak biharko

Ubane Madera 2013ko api. 19a, 16:13

Udalerriko lau puntutan txukuntze edo konpontze beharra dagoela atzeman du Gatzagako Udalak, zenbait kasutan herritarrek eskatuta. Bada, lan horiek auzolanaren bitartez egin gura dituzte:  "Aspaldiko urteetan auzolana utzita dugu, eta hori berreskuratzeko asmoa dugu; bereziki Gatzagakoak moduko Udal txiki batek ez duelako diru gehiegirik izaten. Orain egin dugun auzolanerako lehen deialdi honekin ea bada jendeak martxa hartzen duen", esan du Asier Ugarte Hirigintza zinegotziak. Taldetan banatuta, 15-20 bat lagunendako lana badagoela uste dute.

Biharko, zapatua, egin du, hain justu ere, lehen deialdi hori Gatzagako Udalak: "08:00etan plazan elkartu eta 12:00ak bitartean lan  egingo dugu. Horren ostean, hamarretako luzea-edo egiteko elkartuko gara Gatzagainen", zehaztu du Ugartek.

Lanerako 15-20 bat lagunen beharra ikusten dute. Hala, taldetan banatuta, talde bakoitza txukundu beharreko puntu banaz arduratuko da. 

Dorleta eta Artzainen senda

Egin beharrekoa, berriz, honako hauxe da: batetik, Dorleta ermita ondoan euri ura filtratzearen ondorioz lurrean azaldu diren zuloak konpondu; eta bertan dagoen pareta zahar bat txukundu zementu apur batekin. "Igeltsero baten laguntzarekin egingo dugu hori; igeltseroak lana zela egin agindu eta herritarrok bete egingo dugu", esan du Hirigintza zinegotziak. 

Bestetik, Gatz Museotik trenbiderako tartean (Artzainen senda) eurite eta elurteen ondorioko lurjausiak konpondu eta jausi diren zuhaitzak txukundu gura dituzte: "Udara begira bidea libratzeko. Jende asko ibiltzen da, eta orain ez dago eroso". 

Pagoeder eta Gaztainuzketa

Hirugarrenik, Pagoeder inguruan hondatuta dauden mahai eta jarlekuak berritu egin gura dituzte; elurteen eraginez inguru berean jausitako adarrak kendu  eta bertako iturria garbitu.

Eta azkenik, Gaztainuzketako karobia garbitu egin gura dute, "sasiek-eta hartuta" dagoelako. "Hiruzpalau gaztek egingo dute hori, guraso batek ikuskatuta", jakinarazi du Hirigintza zinegotziak. 

Urtean auzolanerako bi dei 

Edozelan ere, esandako guztia egitea lortzeari ez dio horrenbesteko garrantzirik ematen Asier Ugartek: "Dena egiten bada, perfektu, eta erdia egiten bada, baita ere. Bihar egiten ez dena, hurrengo batean egingo dugu. Dena den, Udalaren asmo orokorra da urtean auzolanerako bi deialdi egitea: udaberrian bata eta udazkenean, bestea", zehaztu  du Ugarte zinegotziak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak