Sorginak: estilo askotariko emakumeen topagunea

Ubane Madera 2013ko martxoaren 24a

"1987an emakume talde bat sortzea pentsatu genuen. Helburu bi genituen: herri mailan hainbat ekimen egitea eta baserri giroko eta kale giroko emakumeen bizipenak partekatzea.

Garai hartan emakumeen taldeak leku gehienetan zeuden, eta geuk ere pentsatu genuen herrian emakume moduan zerbait gura genuela egin, eta geure artean ezagutzea ere gura genuela, ze gure artean ez ginen ezagutzen. Pentsa, adibidez, txikiteoan emakume moduan gu biok bakarrik ibiltzen ginen (Amaia eta Mariatxen). Beste guztiak gizonezkoak ziren. Dena den, bertako emakumeen artean ere taldetxoak zeuden antolatuta, auzoka, eta euren artean ez zuten harreman handiegirik. Olaungoak Olaun aldean ibiltzen ziren, San Martingoak San Martin aldean, eta herrikoak, bertan. Maldaren arabera elkartzen ziren, Goierri-Olaun-herria". 

Horrela, helburu biokin sortu zuten Leintz Gatzagako Sorginak Elkartea. Eta hasiera hartan elkartearendako zehaztutako helburuak bete eta gainditu dituela agerikoa da elkartearen beraren ibilbidea ikusita. 

Asko eta ugaria

Datuek erakusten dute hori: Leintz Gatzagak dituen 240 bizilagunetatik 30 inguru batzen ditu Sorginak Elkarteak. "Pentsa, kopuru hori beste herri batera estrapolatuz gero… Asko da". 

Eta asko izateaz gainera, aipagarria da, baita ere, Sorginak Elkarteak bere baitan duen adin aniztasuna: "Gazteenak izango ditu 22-23 urte eta nagusienak 95 urte, Matilde-eta…", kontatu dute Mariatxenek (Arrasate) eta Amaiak (Aretxabaleta), elkartearen sortzaileetako bik. Laburbilduz, hiru belaunalditako emakumeen topagune da Gatzagako emakumeen elkartea. 

Kohesiorako giltza

Hala ere, Gatzagako emakumeen elkargunea baino gehiago dela azpimarratu gura izan dute bertako sorginek: "Ez da talde tradizional bat. Ez gara talde feminista garelako. Gu gara emakume talde bat; are gehiago, gara herri txiki bateko emakume talde bat. Adin, kultura, bizimodu… desberdinetakoak. Esperientziak konpartitu ditugu. Eta lagundu digu esparru desberdinak ezagutzen. Adibidez, guk baserri esparrua ez genuen ezagutzen, eta emakume baserritarrei esker aukera hori izan dugu. Eta eurek, berriz, gure bizimodua ezagutzeko aukera izan dute".

Biziraupena eta inplikazioa

Bereziki, aisialdia konpartituz lortu dute Gatzagako emakumeek hori guztiori. Aisialdi aberasgarri moduan definitu dute garatu duten hori. "Bidaiak, hitzaldiak… prestatzen hasi ginen, eta hor joan ginen taldea egiten. Ez gara talde oso ortodoxoa izan. Barre piloa… egin dugu. Hasierako urteetan, batez ere, bidaietan lortu izan duguna zen berba egitea oso gauza sakonei buruz, bestela Gatzagan ezagutu ere egingo ez genituen gaiei buruz. Eta gure artean, esparru desberdinetako emakumeen artean konplizitatea lortu genuen… harrezkero denetik egin izan dugu: alpargatak egiten ikasi genuen, argazkitan ere bai, margotzen…". 

Bestalde, Leintz Gatzagari berari ere egiten dio Sorginak Elkarteak bere ekarpena: jaietako herri bazkariko hasierakoa sorginek prestatzen dute. San Millan feria egunean taloak egiten dituzte, emakume guztien bazkari bat urtero, ikastaroak... "Aurten dugu asmoa hitzaldi pare bat egiteko. Emakumeekin lotutako ikus-entzunezkoak ekartzeko…". Oro har, aurrera eten barik segitzeko asmo sendoa dute.

Hain zuzen ere, 25 urteotako ibilbideari dagokionez, haren oparotasuna baino gehiago, elkartearen biziraupena nabarmendu gura izan dute kideek: "Handia da 25. urteurrena egitea emakume talde batek. Bereziki gu moduko emakume talde batek… ze bereziak baikara zentzu askotan. Ez dugu afinitaterik markatuta: ez gara talde feminista garelako… Horrenbestez, iraupena asko da. Eta horrekin lotuta, inplikazioa ere nabarmentzekoa da: zerbait egin beharra dagoenean, emakumeen inplikazioa da %100. San Millixaneko taloak egiteko, adibidez, nagusiak ere etortzen dira… Eta elkarri emandakoa oso handia izan da".  

Hala ere, eta gazte batzuk taldera arrimatuta izan arren, etorkizunerako "odol berri beharra" ikusten dute, gazte beharra, "haize freskoa sartzeko". Hortxe, beraz, gonbita, gura duenaren eskura.

-----------------

Gatzagako 'sorginek' ere isuski bana dute

Isuskia da Sorginak Elkartearen ikurra. Zer? "Bai, erratza; isuskia esaten diogu guk. Emakumeen bazkari guztietan zozketatu izan ditugu bi isuski, guztiok bana lortu arte. Txilarrarekin egindakoak dira. Eta isuskia tokatzen zitzaienek dantza egin behar izaten zuten, serio-serio egin behar, gainera", kontatu dute kideek. Eta kontatzeaz bat, Soran etxeko andreak berehala atera du ondo gordeta duen berea, denoi erakusteko. Isuskiaz gainera, bertsoa ere badu elkarteak. Hasiera ezaguna baina bukaera ezezaguna duena: "Laino guztien petik / Sasi guztien gainetik / Ordu laurden bat haruntza, /Beste bat honuntza / Ez garela, bagatela / hamalaumila hemen garela". Hori gutxi ez, eta ereserkia ere hartu dute elkartearendako: Amparito Roca pasodoblea. "Ereserkia baino gehiago, katxondeo apur bat", diotenez. "Bazkarietan-eta joarazten dugu, eta dantza egiten dugu". Bukatzeko, aipagarrien artean ondo gogoan dituzte Maixa eta Ixiar trikitilariak: "Estreinaldia gurekin egin zuten. Urte askoan etorri izan dira hona. Eta badakigu askotan akordatzen direla gurekin". 

-----------------

Parisko metrokoarena

25 urteotako pasadizoen artean, Parisko metroan lehen aldiz ibili zirenekoa ondo gogoan dute Gatzagako sorginek:  "Asko atzerrira sekula joan barik, eta Parisen metroan sartzen ginenean esaten genuen: "Benga! Oraintxe!". Eta 15ak barrura! Eta barruan zeudenak beste puntara bidaltzen genituen. Denok batera sartzen ginen barrura. Gure beldurra zen emakume bat bakarrik geratzea han". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak