Egitarau borobila antolatu dute, gainera, ospakizun horren bueltan. Hasteko, 13:30ak aldera herritarrak (eta bisitariak) kalera atera daitezela gonbidatu dituzte, "jai-giroan, herrian zehar umeekin-eta, triki poteoa egiteko, Eskoriatzako trikitilariek lagunduta. Herriko hiru tabernez gainera, Toki Eder elkarteak ere zabalduko ditu ateak tarte horretan, eta ez bazkideendako bakarrik, baizik eta herritar guztiendako; eta gainera pintxo berezi batzuk jartzeko asmoa dute", azaldu dute Korrika batzordetik.
Kalerik kale ordubete inguruan ibili ostean, 14:30ean egin dute bertso bazkarirako hitzordua, Soran etxean kasu horretan. Bi prezioko menuak izango dira: 20 euroko menua nagusiendako eta 10 eurokoa umeendako (plater konbinatua).
Eta bapo bazkaldu ostean, 16:00-16:30ak ingururako iragarri dute, berriz, Soto eta Estiballes bertsolarien saioa.
Egunari amaiera borobila emateko, bestalde, ipuin kontalari batek txikitxoenen belarriak gozatuko ditu Kultura etxean, ordubete inguruko saioan.
Korrika Txikia
Eta datorren asteari dagokionez, Korrika gure ibarretik pasatzen den egunean bertan, (eguenean) txikitxoenek euren korrikalditxo berezia egingo dute. 17:30ean aterako dira Gatz Museotik. Eta energiak gastatu ostean, 18:00etan merendola emango diete berrindartzeko.