Ander Larrañaga: "Batxilergoan nengoenean, ordurako banekien ikus-entzunezko ikasketak egin nahi nituela"

Peru Arregi 2013ko mar. 4a, 11:43

Ander Larrañaga (Gatzaga, 1991)  Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako Huheziko Fakultatean ari da Ikus-entzunezko Komunikazio gradua ateratzen. Hirugarren kurtsoan ari da orain, eta, Holandara erasmus bidaia egin ondoren, Arrasateko Goiena Komunikazio Taldean hasi da praktiketan.

Erasmusetik itzuli berria zara. Zer moduzko esperientzia? Ingelesarekin zer moduz? 

Oso ona. Betidanik entzun izan dut erasmusa, behintzat, bizitzan behin egin behar dela, eta orain bai, bermatzen dut hala dela. Egia esan, nire bizitzako hilabete onenetarikoak bertan igaro ditudala esango nuke. Ingelesari dagokionez, ederto. Bertara joan aurretik, nahiz eta gutxi gorabehera defendatu, ez neukan ideia handirik. Baina aurrerago klaseak hartu nituen, munduko toki ezberdinetako jendea ezagutu... entzumena asko landu dut; ohitura hartzen duzu, azkenean elkarrizketak samurragoak egiten zaizkizun arte.

Ezagun asko egingo zenituen, beraz. 

Bai, zeharo. Hasierako hilabetean aterpetxe batean egon ginen, baina, irailean erresidentziara joan ginenean, munduko toki guztietako ikasleak aurkitu genituen: kanadiarrak, turkiarrak, ingelesak, alemanak, txinatarrak, australiarrak...

Banaketarik nabari zen nazionalitateen artean ala denok elkarrekin ibiltzen zineten?

Hasiera batean bai, lagun talde txiki bat ginen: Bartzelonako bi, Valentziako bi, Madrilgo bat eta Euskal Herritik, neska bat eta ni neu. Egia esan, erresidentziako ikasleen erdiak espainolak zirela esango nuke. Baina aurrerago, gauzak pixka bat leundu ondoren, izugarrizko harremana egin nuen kanpoko jendearekin: Turkia, Australia edo Ameriketakoak, beste askoren artean. 

Azkenean, holandarrak ez ezik, beste nazionalitate guztiak ere ezagutu ditudala dirudi, Ultretch hirian biztanleen erdia baino gehiago ikasleak baitira.

Bertako ohiturak oso ezberdinak ziren? Non gusturago, hemen ala han?

Ohitura desberdinak ziren, bai, baina guk, behintzat, gure ohiturak jarraitzen genituen. Esate baterako, hantxe 17:30ean afaltzen bazen ere, guk gaueko bederatziak inguruan afaltzen genuen. Datu bitxi moduan, Gabonak abenduaren 5ean ospatzen dira, eta gehienok ezagutzen dugun Bizarzuriren ordez Sinter Klaas (Santa Claus) dute; nolabait esateko, Aita Santuaren arroparekin jantzitako pertsonaia bat. Bada, pertsonaia hori Espainiatik itsasontziz joaten ei da Holandara, bere laguntzaileekin, umeei opariak banatzera.

Bestetik, zaila da erantzutea ea non gusturago... Gustura bizi izatekotan, Holandan familiarekin eta ezagunekin ederra litzateke. Euskal Herrian orain oso gustura nago eta ez dut bertatik ateratzeko asmorik, oraingoz, baina onartu behar dut Holandan nire bizitzako esperientziarik onenetakoa igaro dudala.

Zerk bultzatu zintuen Ikus-entzunezko Komunikazioa ikastera?

DBHn nengoenetik erakarri izan nau irudi eta soinuaren munduak. Lehenago ere kazetaritzaren hainbat alorretan aritu izan naiz, eta uste baino gehiago gustatu zait. Batxilergoan sartu nintzenean, ordurako banekien zer egin nahi nuen, ez dut inoiz zalantza handirik izan.

Eta orain, aukeraketa egokia egin zenuela uste duzu? Zer ikusten duzu etorkizunari begira?

Bai, zalantzarik gabe. Noski, beti egongo da gustuko ez duzun ikasgairen bat, baina aukeraketarekin guztiz asmatu dudala esango nuke.

Hau bukatzean ikasten jarraitzen badut, alor bereko zer edo zertan izango litzateke. Telebistan, zineman, irratian... ikus-entzunezko komunikazioaren munduan toki bat aurkitu nahiko nuke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak