Astelehenean bukatuko da aisialdirako ortuetarako izena emateko epea

Ubane Madera 2013ko otsailaren 22a

"Herritarren eskaerari erantzuna emanez", Gatzagako Udalak udal partzela batzuk zozkatuko ditu herritarrek aisialdirako ortu moduan erabiltzeko. Halako bat eskuratzeko interesa dutenek astelehena baino lehen eman behar dute izena, Udaletxeko Erregistro Orokorrean, 09:00etatik 14:30era bitartean. 

Eskaera egiteko badira bete beharreko lau baldintza: adinez nagusia edo emantzipatua izatea; eskaerak aurkezteko azken eguna aurretik Gatzagako Udalean urtebeteko antzinatasunez eta jarraian erroldatuta egotea (genero-indarkeriaren biktimak salbuetsita daude eta, era berean, bi urte lehenago askatasun pribatutasunaren pena bete duten pertsonek ez dute egiaztatu behar epealdi hori presoen gizarteratzea hobetze aldera); orturik jabetzan ez izatea edo beste orturik ez ustiatzea; eta laugarren eta azkenik, Udalarekin zorrik ez izatea. Horrez gain, familia bakoitzak eskari bakarra egin ahalko du.

Esan beharra dago, baita ere, partzela bat genero-indarkeriaren biktima direla egiaztatzen dutenendako gordeko dutela.

Zozketa publikoa 

Interesa dutenen izenak hartuta, eta zuzendu beharreko akatsak zuzenduta, zozketan parte hartuko dutenen zerrenda argitaratuko dute udaletxeko iragarki taulan eta udal webgunean. 

Horrekin batera jakinaraziko dituzte zozketaren lekua eta ordua, zozketa publikoa izango da-eta. Eta zozketan bertan zehaztuko dute esleipendun bakoitzari zein udal partzela egokituko zaion.

Doako erabilera

Ortuok lau urterako esleituko dituzte, "zozketako egunetik aurrera kontatzen hasita". Eta epe hori bukatu baino lehen orturen bat libre geratuko balitz, itxaron zerrendako hurrengo eskatzaileari lagako diote ortua. 

Ortuen erabilerarengatik ez da ezer ordaindu beharrik izango. Hori bai, esleipendunek 60 euroko fidantza jarri beharko dute.

Bertako barietateak gordetzea 

Ekimenaren helburu nagusia da berezkoa duten onura soziala eta "bertako barietateak gordetzeak eta interes handiko nekazaritza ekosistema mantentzeak dakarren ingurumen eta ondare onura uztartzea". 

Eta helburu orokorrak ere baditu Leintz Gatzagako Udalaren ekimenak: "Helduen denbora librea modu praktiko eta aberasgarrian betetzea; nekazaritza tradizionalaren erabilera eta ohitura batzuk berreskuratzea; produktu naturaletan oinarritutako elikadura osasungarria bultzatzea; konpostaje bultzatzea eta jasangarritasuna kontuan izatea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak