Ibilbide neketsua
"Beti gauez, oso arin eta ito beharrean korrika" pasatzen ei da herritik euskararen aldeko lasterketa, herritarrek kontatzen dutenez, eta urteren baten bat edo bestek anbulantzian amaitu du arineketaldia. Korrikaren "puntu beltzetako bat" dela esan liteke eta horren froga herriak duen marka historikoa da. Gatzaga da Korrika sekula geratu den leku bakarra. 1982an gertatu zen eta herriko nagusienek dute gogoan garbi. Protagonistak Pedro Zubillaga eta haren zaldia, Trotski, izan ziren. Lekukoa zaldi gainean eramateko proposatu zioten Zubillagari eta eskuratzerakoan etxafuegoen zaratekin zaldia izutu, hura arrapaladan irten eta aberea gobernatzeko lekukoa jaregin zuen. Narra arte baten galdu zen lekukoa eta Korrika gelditu egin behar izan zuten aurkitu arte. Orain barre artean gogoratzen badute ere, "benetan txarto" pasatu zutela aitortzen dute gertakari historiko hura gogoan dutenek.
Edizio guztietan gertatu omen da komeriaren bat. Aldatsean gorako lana ez bada, furgonetako keak arnasa ez du hartzen uzten eta hori ez bada, furgoneta bera behin baino gehiagotan geratu da maldan, ez gora eta ez behera. Korrika maitatua da, halere, Leintz Gatzagan eta beti daude prest afari, gosari ala hamarretakoa prestatu eta herriko neska- mutiko txikienak hartu eta udaletxeko traktorean gora eramateko.
Herria, Korrikarekin bat
Korrikaren arrimuan makina bat ekitaldi antolatzen dituzte eta Korrika urtea izan barik ere, urte sasoi honetan horren aitzakiatan antolatzen dituzte ekitaldiak. Mikel Urdangarin eta Ruper Ordorikak eginiko saioak dituzte gogoan, adibidez. Euskal kantagintzako izen ezagunenetako bi. Maite Ilarduia Debagoieneko koordinatzaileak kontatzen duenez "batzorde autonomo" moduan jokatzen du Gatzagakoak. Aurten eurekin harremanetan ipini baino lehenago, jada antolatua zeukaten angula apustua eta afaria. Martxoaren 16rako Arkaitz Estiballes eta Julio Soto bertsolariak kantuan jarriko dituzte afarian eta datorren zapatuan umeentzako eguna antolatu dute ipuin-kontalari eta jolasekin. Haur, gazte zein ez, herri ia guztiak hartzen du parte. Ea aurten ezustekoren bat prestatzen duten eta, bide batez, sustorik ez dagoen.
-----------------
Anje Duhalde (musikaria): "Baliteke Akelarreren garaietako Korrikaren kantua jotzea"
Korrika Kulturalaren agendak aurrera jarraitzen du. Arrasateko Doke taldeak Paradisuko ateetan lana antzeztuko du domekan Oñatiko Santa Anan. Aurretik, egubakoitzean, Anje Duhaldek joko du gaztelekuan.
Ze errepertoriorekin etorriko zara Oñatira? Azken diskoaren ildotik joko dut. Jendeak normalean eskatzen dizkidan betiko kantuak, noski, joko ditut.
Korrikari egingo diozu keinu berezirik? Ba, oraingo astean, entseguetan erabakiko dugun zerbait da hori. Akelarre garaian egin genuen Korrikari buruzko abesti bat. Agian hori egingo dugu.
Azken diskoak baditu urte pare bat. Lan berririk baduzu labean? Ez diot eperik jarri nire buruari, egia esan. Nik astiro egiten dut lan, hala egin izan dut beti. Baditut abesti berriak baina proiektua oraindik ez dut zehaztua. Premiarik ere ez dut une honetan sentitzen, momentu honetan disko zehatz bat kaleratzeko.
