Guztira 60 dira Leintz bailarako taldeen elastikoekin ariko direnak, mutilak gehienak, baina neskak ere bai tartean, ikasten asko –ez alferrik txirrindularitza eskola da Dorletako Ama–, lehia helburu dutela batzuk, nagusienak. Bigarren urtez elite eta 23 urtez azpikoen taldea izango dugu Debagoienean. Eta hau bai Debagoienean, adibidez Oñatiko –Iñaki Mugartza– eta Bergarako –Jon Arantzabal eta Asier Taboada–txirrindulariak ere izango baititu Ander Gallastegi zuzendari berriak bere esanetara, Leintz bailarako herrietakoez gain –Arrasateko Alex Aranburu eta Kepa Otxoa, Aretxabaletako Unai Mendikute eta Eskoriatzako Iker Ezkibel–; are gehiago, txirrindulari arabar bi, errioxar eta kataluniar bat eta Gipuzkoako hainbat herritakoak ere badaude talde nagusiko hamaseien artean.
Beheko kategorietako taldeetan ez, horietan ez dago neska-mutikorik arrasatear, eskoriatzar, aretxabaletar edo aramaioar ez denik. Taldeotan kopuruak ematen du atentzioa: 25 txirrindulari dituzte hiru txikienetan, benjamin, alebin eta infantiletan. Gipuzkoan gehien hazi den eskola ei da Dorletako ama, Federazioak esana. Kadete eta gazte mailetan daude txirrindulari gutxitxo.