Auzo-konposta egiteko proiektua eginda dute dagoeneko Leintz Gatzagan eta horren inguruko informazioa ematen hasiko da udala datozen asteotan. "Herriko jatetxe batzuekin egon gara dagoeneko, iritzia eskatzen eta informazioa ematen. Falta diren jatetxeekin ere laster egongo gara eta herritarrekin ere egingo ditugu bilerak, informazioa emateko. Hori, baina, Aratusteak pasa eta gero izango da", argitu du Eugenio Otsoa Leintz Gatzagako alkateak.
Bat edo bi
Auzo-konpostaren gaia herritarren ahotan badabilela aurreratu du alkateak, eta eztabaida puntu batzuk ere zabaldu direla. "Adibidez, auzo-konposta egiteko gune bat edo bi jarri behar ditugun herrian, horixe da eztabaida nagusia. Egin beharreko galdera, gainera", dio Otsoak. "Asmoa da aurrekontuekin egin dugun moduan, bilera parte-hartzaileak egitea herritarrekin auzo-konpostaren inguruan, eta bilera horietan argituko ditugu zalantza horiek. Horretarako, litekeena da beste herrietan egiten dituzten ereduak ikusi eta datuen azterketa egitea ere", jarraitu du.
Auzo-konposta egiteko gunea edo guneak, herri barruan jarriko dituzte; goiko jatetxeek konpostagailu bana izango dute eta baserritarrek ere bakoitzak berea. Hori da, behintzat, hasierako asmoa. Epeei buruz galdetuta, alkateak aurreratu du asmoa dela apirilaren bigarren hamabostaldian jartzea martxan.