Alberto Altube da txukuntze lanetan ibili denetako bat: "Duela 50 urteko argazki bat topatu genuen eta horixe hartu dugu abiapuntutzat. Bertan ikusten da Ama Birjina garbi-garbi eta atzean Gatzagako herria. Berriro ere irudi hori lortzea izango litzateke helburua eta Ama Birjina dagoen lekua behatoki moduko bat izatea".
Dirua ere topatu dute
Garbiketa lanetan ibili direnean denetariko objektuak topatu dituztela kontatu digu Altubek: "Lore-sortez gain kamisetak, botilatxoak, dominak eta kasko mordoa topatu ditugu. Antza, txirrindulariren batek istripua izaten duenean oso ohikoa da familiakoek Dorletako Amari kaskoa ekartzea. Dena dela, atentzio handien eman digu txanponak ere bazeudela. Hau da, dirua ere eskaintzen diote Ama Birjinari".
Orain, objektu horiek guztiak uzteko egurrezko harmaila moduko batzuk eraiki dituzte: "Ama Birjinaren irudia garbiago mantentzeko egin dugu hori, eta goiko aldean, gainera, iltze batzuk ipini ditugu dominak iltzeetan eskegi ahal izateko". Ama Birjinaren oinarria ere garbitu eta pintatu egin dute.
Bizikleta baten eskultura
Orain egindakoa lehenengo pausoa besterik ez dela esan ditu Altubek. "Orain asmoa da burdinazko bizikleta bat ipintzea aldamenean, eskultura moduan. Horrez gain, Ama Birjina inguratu eta babestuko duen baranda bat ere ipini nahi da".
Dorletako ermita txukundu eta bertan dauden txirrindularien kamisetekin museo bat egiteko asmoa ere badago. "Otaño, Loroño, Indurain, Lejarreta eta beste askoren kamisetak daude, eta zerbait polita egin daiteke horiekin". Helburua argia da honekin guztiarekin: horrenbeste maite den ziklisten zaindariari merezi duen duintasuna ematea.

