"Eskuartean ditugun asmoen berri eman, iritziak eta ekarpenak trukatu eta gure herria hobetzeko bidean herritarrak ere protagonista izatea gura dugu", jakinarazi dute astean Udal ordezkariek. Hori horrela, herritar guztiak gonbidatu dituzte gaurko saiora.
Herritarren ekarpenak jaso
Eugenio Otsoa alkateak hasiko du saioa eta Udalaren asmoen berri eman. Ondoren Mikel Gonzalez zinegotziak aurrekontuaren gaineko azalpenak emango ditu: zer diren azaldu; azken urteotakoak begiratu; eta 2013ko zirriborroa aurkeztu.
Ondoren bost arloren gaineko azalpenak emango ditu dagokion zinegotziak: mendiak; turismoa; kultura; ingurumena; eta hirigintza eta zerbitzuak.
Horiek entzundakoan herritarrek arlo bakoitzaren gaineko ekarpenak egiteko aukera izango dute taldetan banatuta. Eta ekarpen horien guztien laburpena jasoko dute bukaeran.
396.895 euroko aurrekontua
Udalak dagoeneko eginda dauka zirriborroa: 396.895 euroko aurrekontua. Kopururik handiena gastu arruntendako izango da, 198.700 euro; eta pertsonal gastuendako gero, 111.660 euro. Inbertsiotarako, ostera, 5.000 euro aurreikusi dituzte.
Horren guztiaren berri eman gura diete herritarrei gaurko saioarekin eta euren iritziak jaso: zer falta da, zer hobetu behar da, zeri eman lehentasuna… Izan ere, herritarren iritzia oso garrantzitsua dela uste dute Udal ordezkariek: "Herri txikia gara, baliabide mugatuak ditugu, eta garai hauetan zer esanik ez. Baina baliabiderik garrantzitsuenak, herritarrak, ezin ditugu albo batera utzi".
Hori horrela, ahalegin berezia egiteko eskatu gura diete gatzagarrei eta urteko diru kontuen berri emango den saio horretan parte hartu.