Pilotaleku azpiko garajeak eskatzeko epea zabaldu du Udalak

Mirari Altube Arrese 2012ko azaroaren 16a

Pilotaleku azpian dauden aparkalekuak herritarren artean banatuko ditu Udalak zozketa bidez. Interesatuek izena eman behar dute zozketan parte hartzeko, eta azaroa bukatu bitartean dago epea horretarako. Udaletxean aurkeztu behar dira eskaerak.

Frontoi azpiko Udal aparkalekuak motordun ibilgailuendako dira –automobilak, motorrak eta quadak– eta lurzoruan marraztutako arrailez mugatuta daude. 18 leku dira automobilendako eta bakarra motor eta quadendako.
Zozketa egiterakoan ibilgailuen tamaina hartuko dute kontutan. Instalazioen goiko aldean edo ezkerretan tamaina handiena duten ibilgailuak jarriko dituzte (4-5 metro edo gehiagoko ibilgailuak) eta beheko aldean edo eskuinean gainontzekoak. Horregatik, zozketa egiteko bi zerrenda egingo dituzte.

Aparkalekuok bi urterako emango ditu Udalak –2013ko urtarrilaren 1etik 2014ko abenduaren 31 arte–, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin.

Argibide gehiago gura duenak udaletxera edo webgunera jo dezala: www.leintzgatzaga.com.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak