San Milixan, ardikixa jan eta aketeixan dio Gatzagako esaerak, San Milixan egunean ardia hil, buzkantzak egin eta ondoren saltoka ospatzen zela. Ardikirik ez, baina sagar zukua, talo goxoak eta artisauen lanak bai, horiek izango dira domekan Gatzagan, San Milixan eguneko 20. eskulangintzen ferian (10:00-14:30).
Gatzagarrek eta Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako artisauek egingo dute bat. Amurrio, Hernani, Errenteria, Pasaia, Donostia, Zarautz, Bikuña (Araba) eta Berbinzanako (Nafarroa) artisauak eta Debagoienekoak –Bergarako E-mendi artelanak eta Arrasateko Imanol Aranburu zeramikagilea eta Felix Barcina egurgilea– elkartuko dira eta erakusmahaietan izango dituzte bitxiak, larruarekin egindako lanak, harrietan egindako labar pinturen erreplikak, eskuz margotutako arropak, terapiarako zakutxoak… Gainera, Eskuz larrugintza herriko artisau denda zabalik egongo da Pilar kalean.
Pilotalekuko egonaldia goxatzeko Sorginak emakume elkarteko kideek taloak eta edatekoa eskainiko dituzte.
Gatzagako sagardo goxoa
Herritarrek, ostera, iazko erakustaldia errepikatzea erabaki dute, hau da, sagardoaren prozesua. Zazpi bat lagun ibiliko dira lanean. Busturia (Bizkaia) aldeko sagarrak ekarriko dituzte plazara, 500 kilo inguru, eta bertan txikitu; prentsatu ondoren ateratako sagar zukua edateko aukera izango da.
Gainerakoa 130 litro dituen kupelean gordeko dute hainbat hilabetetan. Iazkoa San Juan bezperan eta Andramari jaietan edan zuten herritarrek, antolatzaileen esanetan "oso gustura edan ere".
Ukenduak egin eta eraman
Nafarroako Elbeteko Nagore Intxaustik ukenduak zelan egin irakatsiko du (11:00): belarrak oliotan jarri eta berotu propietateak jasotzeko; eta gero argizariarekin nahastu. Ilena, arnika, erromeroa, zolda belarra eta beste hainbat ekarriko ditu ukenduok egiteko.
Hortzak garbitzeko pasta egiten ere irakatsiko du; batetik, propolia erabilita eta bestetik, menta eta te zuhaitzaren esentziarekin.
Postuak eta argibide guneak
Eta plazan bi postu ere jarriko dituzte: batetik, Dorletako Txirrindulari Lagun Elkarteko kideek txirrindularitzaren gaineko erakusketatxoa: 20 bizikleta sasoi ezberdinetakoak, Dorletan dauden kamisetak…; eta bestetik, Antzuolako Anelkar GKEko kideek bidezko merkataritza produktuak saltzeko.Bideberri mankomunitateak laguntza eman dio Afrikan abian jarritako bi proiektutarako.
Kultur etxean, ostera, Baserri Sarea egitasmoaren gaineko argibideak izango dituzte herritar eta bisitariek. Deba Garaia Debagoieneko landa garapenerako elkartearen erakusketa da, eta horren helburua Baserri Sarea zer den ezagutzera ematea: kontsumo taldeak, zerbitzuak eta beste hainbat kontu.
Gatz museoa zabalik izango da feriak iraun bitartean; bisita gidatuak egingo dituzte bertan.
Autobusa joan-etorrian
Eskoriatzatik Gatzagara joan etorrian ibiliko da autobusa 20 minuturo (10:00-14:30). Eskoriatzako geralekuak: Akeita eta Aranburuzabala. Ahal dela autobusean joateko deia egin dute gatzagarrek.