Pilotalekua handik eta hemendik etorritako artisauekin beteko da, 15 inguru, eta eskuz egindako produktuak erakutsi eta saltzeko asmoarekin etorriko dira. Horiekin batera ohikoak ez diren bi postu jarriko dituzte: Dorleta txirrindulari lagun elkartearena eta Antzuolako Anelkar gobernuz kanpoko erakundearena.
Urtero legez tailer txiki bat ere izango da Labidea denda alboko lokalean umeek artisauen lana ezagut dezaten. Ukenduak egiten jardungo dute bertan.
Sagar zukua probatzeko
Bestalde, herritarrek sagardoa zelan egiten den erakutsiko dute San Migel plazan, iaz legez: sagarrak txikitu, zukua atera eta zuku hori probatzeko aukera eskainiko dute. Iazko arrakastaren aurrean erakustaldia errepikatzea erabaki dute.

Eta gatz museoa zabalik egongo da egun horretan. Sua egingo dute, gainera, gatz ekoizpenaren prozesu osoa erakusteko.