"Batzuek belarritik egin diogu tira, beste batzuek muxuka hartu dute; banan-banan herritar asko hurreratu dira Narciso zoriontzera", esan du Otsoa alkateak, eta gaineratu: "Bertso zalea da eta bertsoak kantatu dizkiogu guk".
Hona bertsoak:
Mila bederatzirehun ta hamar
hogeita bederatzian
Asteisolora etorri zinan
udazkeneko urrian.
Jaio zinen leku berberean
Goierriko auzounian
baserritarren karrera bete
egin zenuen mendian.
Udaberri ta uda aroan
ardiak Pagoederrian,
negu luze ta gorrian berriz,
abere denak itoian.
Idiak hazi eta domatu
saltzeko gero ferian
famili osoa hazi dezu
jornal bakarraz etxian.
Umoretsu ta bertsolaria
sano bizitza guztian
zorion beroena, Narziso
ehun ta bigarren urtian.
Botika bakarra ardoa
"Oso ondo dabil", diote etxekoek, eta gaineratu: "Hartzen duen botika bakarra ardoa da; horrek hiltzen omen dizkio birus guztiak". Osasun onaren sekreturik dagoen jakin ez, baina etxekoen errezeta hauxe da: "Ardo apur bat edan egunero eta ondo jan; lan gutxi egin eta estresik gabe bizi".
Esanak esan Narciso Beitia lan asko egindakoa da. Zazpi anai-arreben artean gazteena zen eta goiz hasi behar izan zuen lanean. Iratiko basoetan jardun zuen sasoi baten, egurra errekan garraiatzen eta ondoren Eskoriatzako Forjas Vascas lantegian. Espainiako gerra hasi zenean lau hilabetez egon zen kartzelan eta borrokan egitera bidali zuten gero.
Gaur etxekoekin –bi seme eta alaba– ospatuko du urtebetetzea "ondo jan eta edanda".