Drogen gaineko berbaldia antolatu du Bideberrik urriaren 19rako

Mirari Altube Arrese 2012ko urriaren 11

Drogei buruz, zer jakin behar dugu? galderari erantzungo diote kultura etxean (18:30). Bideberri mankomunitateak antolatu du eta drogomenpekotasuneko prebentzio kanpaina barruko ekitaldia da.

Bideberri mankomunitateak –Antzuolak, Elgetak eta Leintz Gatzagak osatutako Gizarte Zerbitzuen mankomunitatea– drogomenpekotasuneko prebentzio kanpaina zehaztu du 2012rako. Kanpaina horren barruan hainbat berbaldi eskainiko dituzte urrian hasi eta abendura bitartean. Lehenengoa da egubakoitzean, hilak 19, egingo dutena: Drogei buruz, zer jakin behar dugu? Kultura etxean izango da (18:30), eta herritar guztiak daudela gonbidatuta jakinarazi dute antolatzaileek. Gainerako berbaldiak oraindik ez dituzte zehaztuta. Argibide gehiago gura duenak udaletxera jo dezala –943 71 47 46–.

Aditu baten eskutik

Drogei buruz, zer jakin behar dugu? hitzaldian landuko dituzten gaien artean daude: droga motak; 12 eta 16 urte arteko nerabeek kontsumitzen dituzten drogak; zergatik kontsumitzen dituzte; zer dio legeak; zertan jarri behar dute arreta gurasoek; zer egin lehen kontsumoen aurrean…

Bilboko Hazkunde enpresako aditu batek landuko ditu gai horiek guztiak eta beste hainbat. Batez ere gurasoei dago zuzenduta hitzaldi hori, baina Bideberriko kideen esanetan gaia garrantzitsua izanik interesa duen edonork parte har dezakeela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak