Erretiratuen Eguna ospatuko dute bihar, zapatua

Mirari Altube Arrese 2012ko irailaren 14a

Andramaixa jaiak pasatu ostean, bihar, irailak 15, Erretiratuen Eguna ospatuko dute. Udalak herriko nagusiei eskainitako egun berezia da, eta urtero legez, Garro jauregian izango dute bazkaria. Oparitxoak ere jasoko dituzte bertaratzen direnek eta jokoan eginda bukatuko dute ospakizuna.

Eguerdi partean elkartu eta herrian ibilalditxo bat egin ondoren, bazkaltzera joango dira erretiratuak, 25 bat lagun. Eusebio Villarrek gertatutako bazkari goxoa izango dute zain Garro jauregian. Bazkalostean kontu-kontari jardun eta karta jokoan egingo dute arratsaldea bukatu artean.

Nagusienei omenalditxoa

Bazkaltzen elkartutakoen artean nagusienak direnei aipamen berezia egingo diete, eta oparia jasoko dute Udalaren partetik. Gainerakoek ere izango dute oparitxoa, Kutxak emanda.

Herriko nagusiena urrian 102 urte egingo dituen Astaisolo baserriko Narciso Beitia da; eta emakumeen artean Matilde Arrese, 94 urte martxoan eginda. Bihar bazkaltzera joaterik baldin badute oparia jasoko dute biek azken urteotan legez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak