Aurtengo ibilbideak 33 kilometroko luzera izan zuen. Ziklistek herrigunetik irten Makatzagainera joan ziren eta handik Hiru Erreketara –Deba ibaia jaiotzen den lekura–. Ondoren, Leintz Gatzagara itzuli eta herriko plazan txirrindulariek indarrak hartzeko, zerbait jan eta edateko aukera izan zuten. Atsedenaldi txiki horren ostean, berriz ere bizikleta hartu eta Jarindo aldera egin zuten eta ziklisten herrigunean bukatu zituzten ibilbideak dituen 33 kilometroak.
Dorletako Ama txirrindulari elkartekoek, 14 urtez azpiko gaztetxoen artean bizikleta zaletasuna sustatzeko asmoz, herriko plazatik Dorletako Santutegira txango bat egin zuten. Bertan, 42 umek parte hartu zuten. Leintz Gatzagako mendi bizikleta martxako antolatzaileen helburua bizikletaz gozatzeko aukera ematea da, eta zailtasun handiko froga egin beharrean, bizikletan ibiltzen den edonorentzat prestatutako zirkuitua egiten dute.
Mendi martxa bukatzerakoan, txirrindulari gazte zein nagusiak herriko plazan elkartu ziren sari banaketa egiteko.Antolatzaileek sari banaketa berezia egiten dute, izan ere, mendi martxaren babesleek emandako produktuekin –urdaiazpikoak, gaztak, pateak, ardoak...– zozketa egiten dute. Hala ere, zozketan ezer jaso ez zuenak ere izan zuen oparia: izenematearekin batera jasotako kamiseta.
Webgune berria
Iraila hasieran Dorletako Ama txirrindulari elkarteak webgunea estreinatu du: www.dorletakoama.com. Bertan, txirrindulari taldearen informazioa, emaitzak eta elkarteak antolatzen dituen frogen berri emango dute.
Orain, zirkuituaren ibilbidea, arauak eta argazkiak ikusteko aukera dago eta Leintz Gatzagako mendi martxaren 11. ediziorako izen ematea internet bitartez egiteko aukera garatuko duela esan digute.