Festarako gogoa eta otxandioarrak egin dira jaien nagusi aurten

Jon Berezibar 2012ko irailaren 10a

Gatzagako Andramariek ere eman dute eman beharrekoa aurtengoari dagokionez. Aitzakia gutxiko jaiak izan dira aurten ere baina protagonistak aukeratzerakoan, herrikoen bertakoen baimenarekin, aurten gonbidatuak izan dira: otxandioarrak.

Aspaldikoa da otxandioarrek Dorletako Amari dioten jaiera berezia baina aurten egun handia zapatua izan denez, tropa ederra animatu da handik, bai Dorletako elizkizunera eta baita herrira bertara ere. Hain zuzen, aurten herri bazkaria antolatu dute afaria barik, otxandioarrak zetozela-eta. Eta giroa sekulakoa izan zen herri bazkarian berrehundik gora bazkaltiarren artean banatutako 80 kilotik gora saiheski eta txuleta ere ederrekin, hamar euroan menua. Etxetik berea ekarri zuenik ere egon zen, halere. Usaina eta baita parrillak jasotako kea herri guztian zehar zabaldu zuten sukaldari prestuek.

Musika eta herri giroa nagusi

Jai apalak dira Gatzagakoak eta herri giroak ematen die benetako bizia. Hala, barikuan herriko txikienena izan zen arratsaldea eta nagusitxoagoena gaua, rock kontzertuekin. Zapatuan bazkariaz gain, arratsaldean futbolinean elkar pikatzeko aukera izan zuten gatzagarrek baina konpetizio handia ilunkaran etorri zen bolo txapelketarekin, herrian daukaten bolatoki aski ederrean. Azkenik, domekarako indarrak gorde zituztenek pilota txapelketan erakustaldi primerakoa izan zuten. Amaitu baina, atzo, musikarekin amaitu zituzten ospakizunak gatzagarrek. Horretaz Burrunda Kelele batuka taldea arduratu zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak