Punk, rock, oi! eta hardcore doinuak nagusi Andramaixetako rock kontzertuan

Mirari Altube Arrese 2012ko irailaren 5a

Rock kontzertuek emango diote hasiera Andramaixetako gau giroari eta Leintz aldeko taldeak izango dira nagusi egubakoitzean, plazan: Lukas Prest!, Gazte Iraultza, Drop!, Interprete Desconocido eta Hankazgora. Horiekin batera Debatik etorritako Strikers izango da.

Bailaran indarra hartzen dabiltzan taldeak daudela jakinik horiei aukera ematea erabaki dute aurten antolatzaileek eta bost talde elkartu dituzte, bi eskoriatzarrak, Lukas Prest! eta Hankazgora; eta beste hirurak arrasatearrek eta aretxabaletarrek osatutakoak: Gazte Iraultza, Drop! eta Interprete Desconocido. Punk, rock, oi! eta hardcore doinuak ekarriko dituzte horiek.

Debagoieneko taldeekin batera Deba aldean sortutako punk eta rock doinuak ekarriko ditu Strikers taldeak. Gure izaera du izena haien azken diskoak, eta bertako kantuak eskainiko dituzte, besteak beste.

Zapatuan reggae doinuak

Beste era bateko doinuak ere izango dira jaietan; bihar, esaterako reggae doinuek hartuko dute San Migel plaza Akatz talde bilbotarraren eskutik (22:30); eta domekan, kanta mexikarrak eskainiko ditu Tolin musikariak eguerdian (13:00) eta batukada Burrunba Kelele eskoriatzarrek, ilunkaran (19:00).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak