Lasterketa erritmo bizian hasi zen, txirrindulariek maldan behera egin zituzten karrerako lehenengo 6 kilometroak, eta 15. kilometroan lasterketan izan ziren hiru erorietako lehenengoa suertatu zen. Euria hasi eta Arrasateko Epeleko biribilgunean sei txirrindulari lurrera erori ziren, tartean, Mario Gutierrez, lasterketako txapelduna. Erorikoak ez zuen Gutierrez kikildu, izan ere, Leintz Gatzagara egin zuten lehenengo igoerarako (30. kilometroa) aurreneko postuetan sartzea lortu zuen.
Lehenengo itzuli horretan, Gatzagako mendatean, aurrean zihoazen ziklistek eraso egin eta lasterketa apurtu egin zen. Ihesaldi argirik ez zen egon, 30 bat txirrindulari aurreratu ziren, baina aurrekoek tropela guztiz desegitea lortu zuten. Gauzak horrela, aurreko taldean eraso ugari izan ziren eta gutxinaka 30 txirrindulari horiek talde txikiagoetan banatzen hasi ziren. Leintz Gatzagara egindako bigarren igoeraren hasieran sei txirrindulariz osaturiko talde bat zegoen lasterketaren buruan, baina Marulanda aldean atzeko taldeak aurrekoak harrapatu zituen eta Caja Rural taldekoek hartu zuten lasterketaren burua. Gero, beste erasoaldi batean, bost txirrindularik aurre hartu zuten, tartean sailkapenean bigarren geratu den Jesus del Pino. Gutierrez ezin izan zuen aurrekoek ezarritako erritmoa jarraitu eta segundo batzuk atzerago hasi zuen lasterketaren hirugarren zatia.
Lehia estua azken kilometroetan
Baina txirrindulari kantabriarrak ez zuen amore eman eta lasterketaren 110. kilometroan estutzen hasi eta Gatzagako hirugarren igoaldiaren hasieran lasterketaren burura iritsi zen. Lasterketa bukatzeko 2 kilometro baino geratzen ez zirenean, Gutierrezek eraso egin eta Caja Ruraleko Del Pinok bakarrik jarraitu zion. Helmugarako 500 metro baino gutxiago geratzen zirenean, bi txirrindulariak esprintean hasi ziren eta zentimetro gutxigatik bada ere, CAI taldeko Mario Gutierrez izan zen helmuga zeharkatzen lehenengoa. Lasterketako hirugarren sailkatua, Bidelan-Kirolgi taldeko Markel Anton izan zen, Gutierrez eta Del Pino baino 6 segundo beranduago.
Dorletako Ama taldeko lehena helmugaratzen Sergio Santamaria izan zen (02:53:36). Mexikarrak sailkapeneko 30. postua lortu zuen. Lasterketa hasieran irtendako 129 txirrindularietatik 77k bakarrik lortu zuten froga bukatzea, tartean, Dorletako Amako lauk.
Antton Iregiri omenaldia
Sari banaketaren ostean, lasterketaren antolatzaileek Jay enpresako Antton Iregi omendu zuten. Izan ere, Jay lasterketaren azken 20 edizioetako babeslea izan da eta Leintz Gatzagako Udalak oroigarri batekin saritu nahi izan zuen Iregiren enpresaren fideltasuna.
Dorletako Ama frogaren 35. edizioko balorazio positiboa egin du lasterketaren antolakuntzak. Izan ere, 12 txirrindulari talde eta 129 ziklistek parte hartu zuten atzoko lasterketan eta nahiz eta hiru eroriko izan –Arlabanen erori zen ziklista bat Arrasateko ospitalera eraman behar izan zuten–, ez zen aparteko arazorik egon.
Sergio Santamaria: "Igoera gogorra da, erritmo aldaketa handiak ditu"
Sergio Santamaria izan zen Dorletako Ama taldeko azkarrena, mexikarra 30. postuan helmugaratu zen.
Nolakoa lasterketa izan da?
Lasterketa oso gogorra izan da, lehenengo igoeran lasterketa apurtu egin delako. gainera, nirekin zihoan taldekide batek arazo mekanikoak izan ditu eta bakarrik egin behar izan dut ia lasterketa osoa.
Leintz gatzagako mendatea hiru aldiz igotzea gogorra izango da.
Bai, igoera gogorra da, erritmo aldaketa handiak ditu eta hankek asko sufritzen dute, batez ere herri barruan egin ditugun metroetan. harri-galtzadan ibiltzea oso astuna da.