Krisiak krisi Gatzagako txirrindulari batzordeak txirrindulari lasterketa antolatzen jarraitu gura du, eta hainbat babesleri eta Udalari esker aurten ere egingo dute, domekan. 35. Dorletako Ama txirrindulari lasterketak 100 txirrindularitik gora ekarriko ditu herrira.
"Lasterketa honen eta irailean Andramari jaietan egiten den mendi bizikleta ibilaldiaren antolakuntzak 6.000 bat euroko aurrekontua dauka. Aurrekontu potoloa da herri txiki batendako baina diruz laguntzen duten hainbat babesleri eta Udalari esker aurrera egitea lortu dugu aurten ere", dio pozik Jose Inazio Beloki batzordeko kideak. Eta gaineratu du: "Debagoienean oso herri gutxitan antolatzen dira halako lasterketak, eta badakigu urteren baten huts egiten badugu zaila izango dela berriro horri heltzea".