Gatzagarrak haserre baino "ahaztuta" sentitu zirela dio Agirreurretak: "Azoka zein eskasa izan zen ikusita, antolatzaileek ez zuten unean bertan erabakirik hartzen jakin eta horregatik apur bat baztertuta sentitu ziren herritarrak".
Garraio publikoan ere arazoak
Garraio publikoarekin izandako arazoak ere izan ziren hizpide egubakoitzeko bilera irekian. Izan ere, domeka goizean arazoak izan ziren herritarrak Eskoriatzatik Gatzagara igotzeko. Arazo horien berri ere emango diote Pesa enpresari. Ordu batzuetan garraioak baina batez ere azokak egin zuen huts, eta kontuan izan behar da, Agirreurretak berak dioenez, azoka dela Mundumirako "ardatz nagusia".
Bestelako ekitaldiekin pozik daude herritarrak: "Gainerakoan, balorazioa positiboa egin dugu. Azokaz aparte egin ziren ekintzak oso ondo egon ziren, herritarren inplikazioa oso ondo egon zen eta pilotalekuan denetariko ekintzak egiteko aukera zen", adierazi du Agirreurretak.