"Udaberrian kosta ingurua dugu gustuko eta udazkenean barrualdea, Nafarroako parajeak. Aurretik ere egonda gaude Hondarribian baina beste bueltatxo bat ematea pentsatu dugu", jakinarazi du elkarteko presidente Pedro Mari Elkorobarrutiak.
09:00etan aterako dira Gatzagatik eta hamarretakoa egiteko iritsi Hondarribira. Lesaka eta Bera inguruak ezagutzera joango dira gero, eta Hondarribira itzuli bazkaltzera. Arratsalde partean, etxera bidean, Zumaia inguruan geratzeko asmoa dute eta beste bueltatxo bat eman.
Izena emateko azken eguna maiatzaren 31 da. Bazkide ez direnak ere joan ahal izango direla jakinarazi dute; horretarako urteko bazkidetza kuota (9 euro) ordaindu beharko dute aurretik.