Eugenio Otsoa: "Ehizaren gaineko plana egingo dugu, eta postu gehiago sortuta proba egitea da asmoa"

Mirari Altube Arrese 2012ko maiatzaren 21a

Mexikon egin ditu azken lau urteak Eugenio Otsoak lan kontuengatik. Iaz ekainean alkatetza hartu eta Mexikora itzuli behar izan zuen, baina urtarrila ezkero bueltan da eta alkate lanak bete-betean hartuta ditu.

 

Behin betiko etorri zara Mexikotik?

Abuztuan beste bueltatxo bat emango dut, baina besterik ez. Oraindik lanean nago Antzuolako Elayn, baina Santo Tomas ingurutik alkatetzako ardurak bakarrik izango ditut.

Hainbat agintalditan izan zara alkate eta zinegotzi; orain, udal jardunera itzuli zarenean, zelan topatu duzu Gatzaga?

Aldatuta, noski. Bost urteotan hainbat aldaketa izan ditu: autobidea egin dute; ura bideratu da goiko aldera; jende berria etorri da; finkatu egin dira turismo bulegoa eta gatz museoa; jatetxeak suspertu dira… Baina herritarrak kezkatuta daude autobidea dela-eta jende gutxiago dabilelako.

Lantalde gaztea duzu alboan Udalean; nola moldatzen zarete?

Iaz apirilean etorri nintzen Mexikotik herritarrak suspertzeko hauteskundeei begira, kanpotarrak etor ez zitezen. Eta suspertu behar horretan neu ere bertan jausi nintzen. Gazteak animatu ziren eta talde benetan polita osatu dugu. Neure esperientziak eta egungo gazteen jakituriak bat egin dute.

Eztabaida politikorik izan ez arren zuen artean gustuko ez diren erabakiak hartu beharko dituzue, ala?

Bai, arazoak beti daude: baserritar baten eskaera dela; taberna baten baimen eskaera… Geure artean lau baldintza jarri genituen, eta dira: gardentasuna; konfiantza; errespetua; eta ahal den guztietan adostasuna lortzea. Eta orain arte halaxe izan da.

Ur depositu berriaren lanak zein egoeratan daude?

Etorlurkoekin elkartu gara, eta jabetza hartzeko akordioa sinatu. Depositua gertu dago eta ura Gatzagain inguruan dagoela esan genezake. Gaztainuzketako mendi etxeetara iritsi da, eta orain, baserrietaraino bideratzeko falta diren azpiegiturei heldu beharko diegu.

Horretarako dirurik baduzue?

Aurrekontuan ezin izan genuen partidarik sartu, baina urte erditik aurrera hausnarketatxoa egin beharko dugu eta nondik atera dirua erabaki. Hori bai, aurrekontua oso estua da, 380.000 eurora ez da iristen, eta ondo pentsatu beharko dugu.

Depositu horrek Arlaban gaineko plan bereziari ere eragiten dio; plan hori zein puntutan dago?

Plana eginda dago, eta onartuta; orain, ez dugu presarik, baina geratu barik hausnarketa estrategikoa egin behar dugu: herri galdeketak egin; zein baliabide dugun; nondik atera dirua…

Zeintzuk dira harako asmoak?

Mendia, ehiza, ortuko lanekin zerikusia duten aktibitateak… Eta gatz fabrikaren gaineko planak epe luzera begirakoak dira, Gesaltzakoaren (Araba) pareko zerbait egiteko-edo.

Eta Jakion kontserbagintza enpresak ere bertan izango du lekua?

Bai, hori da asmoa, baina orain, geldialdian dago; egoera ekonomikoa dela-eta hausnarketa egin behar dugu zelan eutsi egoerari jakiteko. Egun, lau lagun daude lanean eta 37 baserritatik jasotzen dituzte barazki eta fruituak.

Turismoa bultzatu gura duzue, baina zeintzuk dira asmo zehatzak?

Turismo bulegoa daukagu Labidean Aitziber Gorosabelek kudeatuta, eta bertako batzordean jende gehiago sartu gura dugu, indartzeko. Hiru baliabide ditugu turismoaren inguruan: Dorletako santutegia; gatz fabrika; eta mendi ibilbideak: Hiruerreketa; Maroto; Atxorrotzera… Horrekin batera, gastronomia indartu gura dugu. Eta hori guztia teknologia berriekin bultzatu. Izan ere, oso pozik gaude Aste Santuan jendea etorri delako gurera.

Goierri auzoan dagoen sasoi bateko trenbidea konpontzeko asmoa zelan dago?

Zati hori bidegorri moduan onartuta dago, Begiñarru baserria eta San Martin ermita arteko zatia. Lursail hori, baina, jausten dabil, urak gaizki hartuta daudelako, eta pika batzuk jartzeko inbertsio bat egiteko asmoa dago konpondu ahal izateko. Gero, bidegorria ez dakigu noiz iritsiko den, baina Aldundiak itxaropen politak eman dizkigu.

Hortaz, bidegorria Gatzagaraino iristeko asmoa dago.

Bai, eta guk ilusioa dugu. Guretako oso garrantzitsua da turismoari begirako eskaintza polita egiteko, handik Gasteizeraino joan ahal izango delako. Ez dakigu zein epetan, baina lehenago edo geroago iritsiko da. 

Gatz museoa zeuk sortu zenuen; esperotako emaitzak jaso dira?

Bai, helburua eraikina teilatuarekin izatea zen bere garaian, luzaroan eusteko zutik. Aurrera begirako asmoa litzateke, ilusioz esanda, 2.000 kilo inguru gatz ateratzea, orain urte batzuk legez. Egun, museorako beste bakarrik ateratzen da, 200 bat gramo.

Zelan daude ehiza kontuak?

Orain arte geuk kudeatu eta adjudikatu ditugu ehiza postuak, eta, gehienetan, Gipuzkoako Federazioarekin konpondu izan gara. Egun, plan tekniko bat egitera derrigortuta dago Udala, 4.000 euroko kostua duena. Gure asmoa da proba bat egitea postu gehiago aterata; izan ere, diru sarrera garrantzitsua da guretako ehiza, eta ez dugu besterik.

Lurraren erabilpenari probetxu handiagoa atera gura diozue.

Bai, pagadiak eta antzekoak birsortzen gabiltza programa baten barruan, baso ahulik sor ez dadin. Izan ere, oreka behar da aprobetxamenduaren eta birlandatzearen artean. Bestetik, baso batzuk ganaduarendako bazka bihurtu dira, eta horiek zaindu egiten ditugu. Eta hirugarren ortuak daude; gure hausnarketa estrategiko barruan herritarren ideiak jaso gura ditugu eta zer egin erabaki: soja, txakolina… Jendea gertu balego kooperatiba txiki bat osa daiteke, lurra badago eta.

Eta zeintzuk dira baserrietako premia nagusiak?

Laguntza behar dute edozertarako, bide hobeak behar dituzte, esaterako. Hala ere, galdeketa bat egin beharko genuke zein behar dituzten jakiteko.

-----------------

 

Herritarrak alkateari galdezka

 

Orain dela bi urte inguru zundaketak egin ziren herrian; emaitzarik? "Lekuko batzuk jarri ziren orduan eta jarraipena eginda ondorio batzuk atera dira. Egonkortasuna lortu da, nahiz eta pilotalekua, tximinia dagoen leku ingurua, mugitu. Ondorioetako bat da Gatzagako lurzoruan ura dagoela, ur dezente. Edozelan ere, ezin dut askorik esan, ez dakit-eta zehatz azterketa horrek dioena".

 

Gatz museoan dagoen gurpilarekin argindarra atera daiteke? "Gure hausnarketa estrategikoren barruan sartuta daukagu kontu hori. Ez dakit sistema egokia izango den argindarra ateratzeko… Baina jakinekoa da lehorte garaian, hiru edo lau hilabetean, ur gutxi etortzen dela errekatxo horretan. Hala ere, aztertu beharko genuke turbinaren bat jarrita zelako errendimendua lortuko genukeen".

 

Semaforoekin pozik egon arren, errepidea zabaltezko asmorik? "Herritarrak dioen legez, egia da semaforoek arriskua ekiditen dutela herriko sartu eta irteerak egiteko orduan, baina, era berean, errepide horretako autoen zirkulazioa moteldu egiten dute. Horregatik, hobe litzateke errepidea zabaldu eta bidegurutzeetan sortutako arriskuak semaforo barik ekidin ahal izatea".

 

Dorletako santutegian txirrindularitzaren museorik izango da? "Agintaldi honetan aurreikusita daukagu, baina ez dakit noraino ailegatu ahal izango garen. Egia esan, museo horren zati bat eginda dago, txirrindularien kamisetak, bizikletak… bertan daude, baina hori baino gehiago behar da. Lekua egokitu beharra dago, eta, horretarako, ea Elizaren laguntza jasotzen dugun".

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak