Izena orain eman arren zozketa udazkenean izango dela jakinarazi dute, urri inguruan, eta orduan ezagutaraziko diote eskaera egindako herritar bakoitzari zein gunetatik hartu beharko duen egurra.
Egur hori eskatzeko gutxienez urtebetez herrian erroldatuta egon behar dute interesatuek, eta derrigorrez herrian bertan erabiltzeko izango da jasotakoa.
Aldundiko basozainek erabakitzen dute urtero zein gunetako egurra har dezaketen eskatzaileek, basoaren beharren arabera; loteak esaten diete horiei. Izena emandakoen kopuruaren arabera egiten dituzte loteak, eta Udalak erabaki du aurten denboraz jakin gura duela zenbat lote gertatu beharko dituzten basozainek. Hala, lanak hobeto antolatu ahal izango dituzte.
Behin lotea emandakoan eskatzaile bakoitza arduratuko da egurra txikitu, jaso eta basotik etxera ekartzeaz.
Interesatuek udaletxera jo behar dute maiatzak 11 baino lehen (943 71 47 46).