Txapelketako antolatzaile Mauri Zubillaga pozik azaldu zen atzoko egunak emandakoarekin: "Jende asko batu da, adin askotako pilotariak eta baita ikusle asko ere. Giro ederra sortu da", zioen.
Pilotarien maila altua
Beteranoen lehen kategoriari dagokionean, Mallabiako Usuriaga anaien jokua nabarmendu zen atzokoan, inolako zailtasun barik gainditu baitzuten Legutioko Kintana eta Blanco pilotariez osatutako bikotea. Kategoria horretan bertan, Herizek eta Arrasateko Luis Kortak erakutsi zuten oraindik ere onenak direla.
Arrasatearrekin jarraituz, Ander Murua alebinaren lana izan zen nabarmentzekoa; Ander Llodiok eta Ander Muruak osatutako bikoteak erraz gainditu zituen Amurriotik etorritako pilotariak. Bestalde, Bergarako Jokin Etxaniz pilotari profesional ohiaren semearen lana ere nabarmentzekoa izan zen, 22-1 irabazi zion-eta aurkariari.
Ibai Bolinaga, finalera
Bestalde, Ibai Bolinaga arrasatearra Euskadiko txapelketako finalerako sailkatu da. Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Nafarroa eta Bizkaiaren artean jokatzen den txapelketan Nafarroako edo Bizkaiko ordezkaria izango du aurkari.