Iazko diru kontuen eta egindakoen berri emango diete lehenengo zuzendaritzako kideek elkartutakoei, eta ondoren aurtengo asmoak iragarri. Diru-laguntza murrizketak izango dituztela aurreratu dute eta hori kontuan hartuta antolatu beharko dituztela ekitaldiak. Urtean bi irteera egin izan dituzte: udaberrian, maiatz inguruan, kostaldera; eta udazkenean, urri aldera, Nafarroara. Batzarrean udaberriko irteera hori antolatzen hasiko dira.
Bestalde, zuzendaritzako kide batzuek hainbat urte daramatzate batzordean, tartean Pedro Mari Elkorobarrutia presidenteak; hala ere, ez dute espero ordezkatzeko boluntariorik agertzerik. Hona batzordea osatzen duten kideak: Elkorobarrutia, presidentea; Joxe Gorosabel, idazkaria; Tere Aranburuzabala; eta Juanito eta Jabier Aldabe.