Aste Santuko oporrak hartu aurretik irteeratxo bat egiteko gogoa zuten Gureleko kideek. Elurretara joateko asmoa agertu zuten orain dela aste batzuk, baina elur gutxi izango dela pentsatuta gertuago geratu eta bertako altxorrak ezagutzea erabaki dute. Hala, Oñatiko Arrikrutz kobetara joango dira goiz pasa. Bidaia nork bere automobilean egingo du, eta sarrera Gurelek ordainduko die guztiei.
Bestalde, ludotekak datorren egubakoitzean hartuko dituela oporrak jakinarazi dute.
Apirilean Loreen Eguna
Aste Santuko oporrak bukatutakoan Loreen Eguna egiteko asmoa daukate Gureleko kideek. Data zehatzik ez dute eman "izotz garaia bukatuta dagoela ziurtatu gura dugulako", baina apiril bukaeran izango dela bai. Udaberriko landareekin apainduko dituzte herriko bazterrak orduan, umeek eta gurasoek elkarrekin.