Urteak dira presidente kontuetan zabiltzala; gustura zaude?
6 urte dira, eta gustura, aldi berean bai eta ez. Juntakoak kargu guztietatik pasa dira, eta, herrian jende gutxi dagoenez, baserrietan jende gehiago dago, nik segitzen dut postuan. Egia esan, zeregin handirik ez dago, eta batzarrekook ondo konpontzen garen bitartean, nik ez dut arazorik segitzeko; horrela ez bada, utzi eta listo.
Ekintzarik antolatzen duzue?
Bai, eta urtero berdintsuak izaten dira. Urtean behin Udalak bazkari bat antolatzen du erretiratuentzako; bestalde, Gabon bezperan mus eta briska txapelketak antolatzen dira, eta aurretik pintxo-poteotxo bat egiten da. Irabazlea eskualdekora joaten da, eta, han irabaziz gero, Gipuzkoako elkarteen arteko txapelketara. Eta bidaiatxo batzuk ere antolatzen ditugu: udaberrian kostaldera egiten da irteera bat, eta aurten Islara joan gara (Kantabria); eta udazkenean Lizarrara joaten gara, barrualdera.
Saltsa askotan ibiltzea gustuko duzu gero!
Bai, nahiko saltseroa naiz. Orain herrian ez dut gauza handirik egiten, edadean sartuta nago-eta, baina lehen, 25 urtetik 65 urtera arte, lanean ibili naiz, txirrindulari elkartean, musean... saltsa guztietan sartuta.
Zaletasun ugari dituzu orduan.
Gauza asko gustatzen zaizkit, baina ibili, ibili... Urtebete inguru da eguazten guztietan Aretxabaletara Basotxo elkartekoekin kantuan nabilela. Hango bazkide batek esan zidan joateko, emakumeen ahotsak bazituztela baina gizonezkoenak zituztela faltan. Hasieran ez nuen jaitsi nahi, baina, azkenean, hantxe hasi nintzen. Santa Luzia egunean arratsaldeko 5etan omenaldia du Basotxok 90 urte gorakoentzat eta hara joango gara zorionak kantatzera; aste honetako eguaztenean ere Oñati ibili ginen bost-hamar herrialderekin batera; Santa Ageda Aretxabaletan... Bestela, karta-jokoan egitera joaten naiz Luku aldera, hango surtidorrera. Astelehenetik egubakoitzera batzen dira, eta ahal dudanean joaten naiz. Eta Txirrindulari Komiteko partaide ere banaiz.
Bizikletan ibiltzen zara?
Ni neu bizikletan ez naiz ibiltzen; ikusi asko egin dut, baina ibili ez; oso zalea izan naiz gaztetatik. Lanean, propagandako kamioi esposizio batekin hasi nintzen Fagorren: Espainia, Portugal, Kanariak... Hiru hilabete etxetik kanpo egoten nintzen, zortzi egun etxean eta beste hiru hilabete kanpoan. Egunak denetarikoak ziren: onak, txarrak, baina gauean... bizimodu gogorra zen. Gero Fagorren segitu nuen, baina inguru honetan.
Zure zaletasuna herrian bultzatzen duzu?
Gatzagan bi lasterketa antolatzen dira: bat errepidean eta bestea mountain bikekoa. Errepidekoa Gatzagatik irten, Arrasateko autobidean buelta ematen du, handik, Gasteiz aldetik, Arrasate eta herriko udaletxe aurrealdean amaitzen da. Eta montain bikekoa ere bertako mendietan zehar egiten da eta 50 parte hartzaile inguru etortzen dira.
Herrikoa izanda, zerbait aldatuko zenuke?
Gatzagan bertan jaioa naiz, eta herria ez da ni gaztea nintzenean bezalakoa. Oraingo jende gazteak ez du gure denboretako gaztetasun hori, desberdina da. Herrian gauza asko egin beharko lirateke, baina herri txikia da eta ezin da. Elkartea, hotela, jatetxea, Udala... baditu, baina zerbitzu gehiago jarriko nituzke: okindegia, harategia... Dena den, aldatuko nukeen lehenengo gauza mediku zerbitzua izango litzateke: behintzat, momentu honetan dagoen ordutegia aldatuko nuke eta geroago jarri: orain, astean behin eta 8etatik 9ak bitartean bakarrik dator medikua, eta herrikoak bueno, baina baserrietakoentzat...