Hawaiikoa beltza eta Indiakoa laranja

Arritxu Barruso 2011ko azaroaren 26a

Duela gutxira arte gatz bakarra izaten zen gure sukaldeetan, baina orain, berriz, nahiko ohikoa da armairuan gatz arina, sendoa eta, kasu batzuetan, ezkataduna ere edukitzea. Bada, laster koloretako gatza ere iritsiko da gure etxeetara. Sukaldeko beste osagai batzuekin gertatu den moduan, gatzaren merkatua ere ikaragarri garatu da azken urteetan.

Kolore eta zaporedun gatzak
Gatzagako gatz museoan ere gatz mota benetan bitxiak eta kuriosoak daude: Hawaiiko gatz beltza eta gorria, Taj Mahalekoa –laranja–, Chardonnayduna, keztatua eta txokolate-gatza, esaterako. "Orain arte, kanpoko gatz horiek erakusketa moduan genituen, baina jendeak erakusten zuen interesa ikusita saltzeko ekartzea erabaki dugu eta erantzun oso ona izaten ari da. Baina oso gatz garestiak dira: supermerkatuan erosten dugun gatz kiloak 0,23 zentimo inguru balio du eta beste hauek, berriz, 18 euro inguru kiloak. Horregatik, kantitate txikiak saltzen ditugu. Euro eta erdiko probetatxoak", kontatu digu gatz museoko arduradun Aitziber Gorosabelek.

Eta nola erabili, adibidez, Taj Mahaleko gatza edo Chardonnay ardoduna gure sukaldean? Gorosabeli eskatu diogu laguntza: "Gero eta arrakasta handiagoa izaten ari dira gatz espeziatuak. Arrozarekin edo arrainarekin oso ondo geratzen dira. Hau da, berez oso zapore baxua duten elikagaiekin oso ondo geratzen dira nahastutako gatzak".

Sukaldean eta gorputzean
Gorosabelek gatzarekin lotutako bitxikeria asko kontatu dizkigu; tartean, gatzez egindako desodoranteak ere gero eta erabiliagoak direla: "Garbitasunaren alorrean ere erabiltzen da gatza, adibidez, desodoranteetan. Lehen, gatz-harri zati bat igurtzi behar zen gorputzaren kontra, baina orain, farmazietan ere saltzen dituzte roll on formatuko desodoranteak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak