Ondo sustraituta daude San Milixanak Leintz Gatzagan; kontrakorik esaterik ez dago aurten hemeretzigarrenez ospatuko den egun baten inguruan: "Ez da gutxi, ez, feria bat hainbeste bider jarraian egitea!", esan digu Iñaki Agirreurreta Kultura zinegotziak ere.
Gatzagarrentzat urteko egunik garrantzitsuena dela esatea askotxo litzateke; ez, ordea, euren egutegian ondo azpimarratutako hitzordu bat denik baieztatzea. "Erreferentziazko eguna da guretzako, herri-mugimendu handia sortzen du eta jende askok parte hartzen du", dio Agirreurretak.
Gatzagarrak ez ezik, kanpoko jendea ere erakartzen dute San Milixanek; eta krisiaren edota azokak hainbeste ugaritu izanaren ondorioz, gisa honetako hitzorduak saltzaileentzat garai batean bezain diru-iturri onak ez izan arren, Leintz Gatzagakoak bere horretan mantentzea lortu duelakoan dago Kultura zinegotzia.
14 artisau frontoian
Gasteiz, Durango, Donostia, Errenteria, Zumaia, Aduna, Bidania, Anoeta eta Lazkaotik etorriko dira domekan artisauak, eta baita Antzuola, Elgeta eta Bergaratik ere. Eskuz margotutako haurren arropa, eskuz pintatutako oihalekin egindako osagarriak, larruzko eta egurrezko artisau-lanak, bitxiak, fusing beira, dekorazio-gaiak... izango dira euren erakusmahaietan.
Eta azokak irauten duen bitartean –10:00etatik 14:30era– zabalik egongo da frontoiaren atzeko kaleko Eskuz larrugintza-denda ere. Gainera, artisau horietako baten eskutik, Mireia Seguraren eskutik, aurten, haurrentzako ehungintza tailerra egingo da frontoian bertan.
Nobedadea: ardo-dastatzea
Gatz museoko eskaintza zabaltzeko asmoz, munduko gatzen erakustaldia egingo da Labidean, eta sagardoa nola egiten den zuzen-zuzenean ikusi ahal izango da Herriko Plazan. Baina bada hemeretzigarren edizioan lehen aldiz egingo den zerbait: ardo dastatzea. 12:30etik 14:00etara, kultura etxean, Errioxako upeltegi bateko ardoak probatu eta erosi ahal izango dira; eta zalantzak argitu, kuriositatea asetzen lagundu edo aholkuak emateko sumiller bat izango da.
Sorginak, talogile
Leintz Gatzagako Sorginak emakume taldeak ez du hutsik egingo aurtengo San Milixan ferian: talo postua jarriko dute. Arto-irinez egindako eta txorizoarekin edota hirugiharrarekin betetako mokaduak salduko dituzte eta gose ez ezik egarri denari tragoa ere salduko diote, gura izanez gero. Eta domekako hitzorduari musika ipintzen trikitilariak izango dira; kalean gora eta behera ibiliko dira, herria alaitzen, goizean zehar, lehen orduan hasi eta azoka itxi arte.
Autobusez joateko gomendioa
Leintz Gatzagako Udalak jende asko espero du domekan, eta, herrian aparkatzeko dagoen tokia nahiko mugatua dela kontuan izanik, Eskoriatzatik autobusez joateko gomendioa egin du. 10:00etatik 14:30era izango da autobus zerbitzua.
Bakarra ibiliko da, baina joan-etorrian, une oro; hortaz, 15-20 minutuko maiztasuna izango du. Geldialdi bakarra egingo du Leintz Gatzagan, eta bi Eskoriatzan: Akeita taberna aurrean bat eta Aranburuzabala kaleko geltokian bestea.
Domekako hitzordurako atzerako kontaketa hasita, jendea animatzeko dei egin du Iñaki Agirreurreta Kultura zinegotziak, "egun polita izango delako".
Urtero moduan, aurten ere herri-ekintza bat egingo dute plazan: sagardoa nola egiten den erakutsiko dute oraingoan. Bi izan dira ekintza hori aukeratzeko irizpide nagusiak: halakorik lehenago inoiz egin ez izana da bata; eta Leintz Gatzagan lauzpabost sagardo ekoizle txiki egotea, bestea. Euretako batek gidatuko du saioa, bost laguntzaile ingururekin.
Sagardoa egingo dute Herriko Plazan
Herrian bertan, Goierri auzoan, batu dituzte sagarrak, 300 bat kilo, orotara. Domekan, 10:30ean, hasiko dira horiek txikitzen; poliki-poliki prentsatu egingo dute gero; eta sagar-muztioa aterako dute ostean. Egunean bertan dastatu ahalko da hori eta asmoa da upelkada bat gutxienez gordetzea, lau edo bost hilabete barru sagardoa edateko. Aurtengo sagardo denboraldian, Herriko Plazan txotx egiteko moduan izango dira, beraz, gatzagarrak.
Gatza, jaiaren erdigunean
Domekan jende gehien kalean batuko denez, gatz museoa Labidea dendara lekualdatuko dute –nolabait esatearren–, nahiz eta betiko museoa ere zabalik egongo den. Labidean informazioa zabalduko dute, mikroskopio bidez gatz kristala nolakoa den erakutsi, gatz plastilinarekin haur jolasak egin...
Munduko gatzak erakutsiko dituzte eta horiek erosteko aukera ere izango da, pote txikitan eta prezio oso onetan. 10:30etik 14:00etara bitartean egingo da ekimena.