%3 igoko dituzten zergen artean daude: ondasun higiezinen gainekoa; jarduera ekonomikoen gainekoa; etxeko obra txikiei dagokiena; eta ura. Ibilgailuen gaineko zergari dagokionez ibilgailu txikienen zergak ez igotzea erabaki dute azken urteotan legez, eta potentzia handikoena %3 igoko dute.
Bestalde, pilotalekuaren erabileragatik ordaindu beharreko tasa eta gatz museoko sarrera ez dituzte igoko. Eta zaborraren tasa %2,8 igotzea proposatu du mankomunitateak.
Ura ordaintzeko epea
Datorren urtea baino lehen, aurtengo hirugarren hiruhilabeteari dagokion ur eta estolderia tasa ordaintzeko epea zabaldu du Udalak. Ordainagiria helbideratu barik dutenek abenduaren 23a bitartean izango dute udaletxera jo eta ordaintzeko epea.
Ordezkariak izendatuta
Bestalde, mankomunitatean sortu dituzten hiru batzordetara joateko ordezkariak ere izendatu zituzten urrian egindako osoko bilkuran: Kontu, Ogasun eta Langile gaietarako batzordera alkate ardurak dituen Mikel Gonzalez joango da; Ingurumen Batzordera, Juan Luis Zabala; eta Garapen Ekonomiko eta Turismo Batzordera, Iñaki Agirreurreta (ordezkoa, Montse Valerio).