Ortu handia izan duzue zuek urteetan... Lan asko ematen zuen?
Bai. Solo asko izan dugu guk. Idi bikotea ere edukitzen genuen. Eta lana, bai, ematen zuen. Goiz jaiki, 06:00ak aldera eta lanera. Oraingo moduko bero handiekin ortuan lana egin behar zenean goiz joaten ginen; aurretik, gainera, jaten eman behar idi bikoteari! Idiak ibiltzen genituen jatekoa ekartzeko, garoa eta belarra lehortzera ekartzeko, egurra ekartzeko basotik...
Ortuko generoa etxerako ibili izan duzue, edo ferietara-eta ere joaten zineten?
Ez, ferietara ez ginen joaten, baina saldu egiten genuen: patata, babarrunak... Dendetara saltzen genituen.
Eta oraindik jarraitzen duzu ortura joaten?
Egunero joaten nahiz, asko edo gutxi, pare bat ordu-edo behintzat. Ureztatu, ortukoak ekarri... Orain gauza gutxi dago ortuan; batu ditugu patata, babarruna, tomatea... Porruak geratzen dira orain, eta azalorea.
Nolako uda izan da, bestela, orturako?
Lehor joan da aurtengo uda. Eta gero ekainean eta uztailean, hainbeste lainorekin, gorrina sartu zitzaien tomateei; belztu eta usteldu egiten dira horrela. Geratu diren aleak oraintxe ari dira ondo heltzen.
Ortua albo batera utzita, nola pasatzen duzu eguna?
Etxe inguruan. 08:00ak aldera jaikitzen naiz. Bazkaria-eta prestatzen dut. Orain ez gara asko baina lehenago bederatzi-bat izaten ginen egunero, eta horrek lan asko ematen du. Orain bost izaten gara normalean. Ortutik buelta bat ere egiten dut, esandako moduan. Baina han buelta batekin ez da ezer egiten. Belar txarrak irteten du han, eta kendu egin behar izaten da. Bazkalostean ordubetetxo bat-edo geratu egiten naiz, atseden hartzeko, hankak nekatu egiten zaizkit- eta.
Mezetara joatea ere ohitura duzu...
Jaiero joaten gara Dorletako ermitara. Sei hilabetez ematen dute han meza, maiatzetik azarora; neguan parrokian ematen dute. Lehen pasioan, oinez, joaten nintzen egunero Dorletaraino; orain ez.
Bizimodua asko aldatu da lehendik hona, ezta?
Bai. Orain erosotasun denak ditugu: etxean, ortuan, denean. Baina, hala ere, iritsi ezinda ibiltzen gara. "Hain ezgauzak ote gara orain!?", pentsatzen dut sarri. Orain bizio larregi ditugu; gazteek bai, baina baita geuk ere, berdin. Aldatu egin gara geu ere. Diruarekin, hara eta hona ibiltzen gara, jo eta ke. Guk, gazte-denbora etxean pasa genuen, ez parrandan. Ez zen iristen. Gainera, emakumea tabernara joatea bekatu handia zen. Ez zen oraingo moduan izaten. Gizonek egiten zuten euren txikiteoa, haiek bai, baina emakumeak etxean. Orain aldatu egin da hori, emakumeak airoso dabiltza.
Zeuek ere joaten zarete?
Jaiero juntatzen gara sei edo zortzi lagun eta briskan egiten dugu pare bat ordu. Elkartean ere bai, baina tabernan juntatzen gara normalean.
Sorginak emakume taldean ere urteetan ibili zara...
Bai, urte askoan ibili naiz, nahiz eta dagoeneko ez naizen joaten. Duela bizpahiru urte utzi nion joateari. Martxoaren 8an bazkaria izaten da Gure Ametsan, eta irteerak ere pila bat. Madrilen, Bartzelonan eta Parisen egonda gaude, eta baita Londresen ere. Izango dira dozena bat urte han izan ginela. Orain ere badoaz, baina diru askorik ez dagoela uste dut, eta Donostiara omen doaz, eguna pasatzera, zapatu honetan.
Eta, gustatu zitzaizkizun hiri handi horiek?
Bai. Desberdinak dira. Bizitzeko, guretzat ez dira, baina egunak pasatzeko bai. Leku askotan ibili naiz. Ahal izan dudan bitartean gustura ibili naiz bidaietan. Azken bidaia Sevillara egin nuen. Kuadrilan oso ondo pasatzen da. Parisera, esaterako, alaba biekin joan nintzen.