Auzo egurra jasotzeko izen-ematea zabalik dago

Mirari Altube Arrese 2011ko urriaren 2a

Onura publikoko mendietako zuhaitzetatik datorren egurra eskuratu gura duten gatzagarrek zabalik daukate izena emateko epea; urriaren 10a arte, hain zuzen. Horretarako udaletxera jo behar da (943 71 47 46). Ondoren izena emandakoen artean zozketa egingo dute.

Baso publikoetako egurra herritarren artean banatzeko ohitura du Udalak, nahiz eta azken urteotan nabarmen egin behera eskaerak. Egur hori eskatzeko gutxienez urtebetez herrian erroldatuta egon behar dute interesatuek, eta derrigorrez herrian bertan erabiltzeko izan beharko da jasotakoa.

Aldundiko basozainek erabakitzen dute urtero basoko zein gunetako egurra har dezaketen eskatzaileek; loteak esaten diete horiei. Izena emandako eskatzaile kopuruaren arabera egiten dituzte lote horiek, eta zozketa bidez izendatu gero. Behin lotea emandakoan eskatzaile bakoitza arduratuko da egurra txikitu, jaso eta basotik ekartzeaz.

Loteen zozketa egiteko eguna oraindik ez dute izendatu; zehaztutakoan interesatu guztiei jakinaraziko diete.

Jarduera ekonomikoen zerga

Bestalde, azaroaren 10a bitartean izango da zabalik jarduera ekonomikoen gaineko zerga borondatez ordaintzeko epea. Helbideratu gabeko ordainagiriak zergadunak adierazitako helbidera bidaliko dituzte urrian zehar, eta ordainketa gero banku edo aurrezki kutxa bidez egin beharko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak