Diputazioak eman beharreko baimen baten zain dago lanak egiten dabilen Erga SL enpresa –aginte aldaketa tarteko, atzeratu egin da–, baina lanok bide onetik doaz: "Horrelako lanetan beti egoten dira ezustekoak, adibidez urak doazen albotik iturburuaren kondukto zati bat apurtu da; diputazioaren aldaketagatik baimen atzerapena…", dio Mikel Gonzalez alkate ardura duen zinegotziak. Hala ere, irail bukaera edo urri hasierarako depositua gertu egongo delakoan dago.
Ur arazorik ez izateko lana
Arlaban eta Goierri auzo inguruko baserriek ur arazorik izan ez dezaten egin dute depositua. 120 metro kubiko ditu, bi zati berdinetan banatuta. Herria urez hornitzen duen depositutik berriraino hodiak sartu dituzte, gero ponpa bidez bidaltzeko ura Gatzagaineraino. Lanok aprobetxatuta ur zikinak jasoko dituen hodi sarea ere egin dute. Behin lan guztiak bukatutakoan bi guneetarako, Arlaban eta Goierri, lotura egin beharko dute ura hartzeko. "Gure asmoa epe ertainean lotura hori egitea da, horretarako baliabideak ditugunean", argitu du Gonzalezek.
Lanok Aldundiaren Landagipuzkoa 32 egitasmoari esker egin dituzte. Hala, diputazioak aurrekontuaren %73 jarri du; Udalaren ardura da gainerako %27.
Arlabango plana garatzeko
Depositu berriak ur arazoa konpontzeaz gain, Arlaban gaineko plan bereziari bultzada emango dio. Arlaban gainerako asmoak 2008ko maiatzean aurkeztu zizkieten Udal ordezkariek herritarrei, eta hurrengo agintaldikoek behin behinean onartu, 2009ko otsailean: "Proiektua badago. Horrek eragiten dietenekin egon ziren eta herritarrekin batzarrak ere egin zituzten. Orain Jaularitzarekin egin beharreko tramite baten zain dago, eta gero diputazioak onartu beharko du lurzoruaren lege berria dela-eta", dio Gonzalezek.
Arlaban gaineko plan berezia egitearen arrazoia egun dagoen zerbitzu gunea etorkizunerako gertatzea izan da, plangintza baten bitartez. Hala, Deba Garaiko Lurralde Antolakuntzarako Arauen plangintza berezian hainbat arau aldaketa proposatuta Arlaban gunea garatzeko tresnak ahalbidetuko ditu plan horrek. "Gaur egun Arlabanen dauden jatetxeak, nekazaritza etxeak, mendi ibilbideak, karobiak…daukaten potentziala garatu eta kudeatzeko behar diren arauak finkatzea izango da lehenengo lana", dio Gonzalezek. Horregatik ura bermatu gura izan dute behar bezalako azpiegiturekin egokituta; batetik, oraingo zerbitzu guneetako beharrei erantzuteko, eta bestetik, gerora begira etorriko liratekeenenak asetzeko.
Herriaren garapenerako lanari jarraitzeko asmoa du Udalak, zenbait aktibitate –Jakion kontserba enpresarena esaterako– garatuta. "Baldin eta aukerarik balego Arlaban gunean eduki dezake kokapena Jakionek eta antzeko beste aktibitate batzuk, nekazari munduan garatutakoek hain zuzen".
Hala ere Gonzalezek onartu du dagoeneko martxan daudenak finkatzen daukatela nahiko lan orain, eta "bitartean proiektu berriak erakartzeko bideak urratuko ditugu".