Erretiratuen Eguna bihar, bazkari eta trikitilariekin

Mirari Altube Arrese 2011ko irailaren 16a

Erretiratuek egun berezia dute bihar, hilak 17. Behin jaiak bukatuta Udalak urtero eskaintzen dien ospakizuna izango dute, eta herriko 28 bat erretiratu elkartuko dira jai giroko egun pasa egiteko.

Eguerdi partean elkartu eta herrian ibilalditxo bat egin ondoren, bazkaltzera joango dira guztiak Garro jauregiko lehen solairura. Urtero legez bazkari bikaina eskainiko diete bertan. Bazkalostea, ostera, trikitilariek girotuko diete, eta kantuan egin, kontu-kontari jardun edo karta jokoan egingo dute elkartutakoek, arratsaldea bukatu artean.

Biharko Erretiratuen Egunean bazkaltzen elkartutakoen artean nagusienak direnei aipamen berezia egingo diete, eta oparitxoa jasoko dute Udalaren partetik.

Urrian erretiratuen irteera

Bestalde, Toki Eder erretiratuen elkarteak irteera egingo du urrian, ohi duen legez. Udazkeneko irteera Nafarroa aldera egin izan dute eta aurten ere harantz joko dutelakoan daude zuzendaritzako kideak. Dena den, biharko bazkarian bazkideen artean eztabaidatuko dute kontua, eta iritziak jaso. Gero erabakiko dute nora jo, zer egin bertan, eta zein egunetan. Seguru asko urriko lehenengo astean egingo dute irteera hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak