Ekainean egin duten ekitaldirik garrantzitsuena Angosto aldera (Araba) irteera izan da. Aste bukaera pasa joan ziren guraso elkarteko 30 lagun –18 ume eta 12 heldu–, baita oso gustura ibili ere: Angostoko kanpineko etxetxoetan lo egin; Veronatarren gaztelu inguruak ezagutu; eta Espejon jolasean jardun: "Pala partiduak jokatu genituen, gazteak helduen aurka, eta gazteak irabazle. Hori bai, helduok hurrengo egunetan giharretako mina!", esan dute Gureleko kideek.
San Juan bezpera girotu
Datorren eguenean, hilak 23, ludotekako ikasturteari agur esango diote neska-mutikoek. Urriaz geroztik izan dute bertan jolasteko aukera eta eguenean itxiko ditu ateak Garro jauregian dagoen aretoak. San Juan bezpera da, gainera, eguena, eta Gureleko kideek arratsalde pasa magikoa egingo dute: "Asmoa da San Juan bezperako ilunkara girotzea eta umeek horren gaineko kontuak ezagutzea sua isiotu aurretik", dio Gureleko Imanol Saez de Viterik.
Eta uztailean udalekuak izango dituzte herriko ume eta gaztetxoek. Egingo dituzten ekitaldiak oraindik zehazten dabiltza baina uztailaren 9an antzerki talde bat izango dela iragarri dute: "Eta bide batez gatzaren inguruko lantxoak egingo ditugu umeekin egun horretan".