Gurel elkartea, beste kultura batzuk gerturatu guran

Mirari Altube Arrese 2011ko maiatzaren 27a

Udari ongietorria emateko asmoz hainbat ekintza antolatu ditu Gatzagako Gurel guraso elkarteak. Ekintza guztiek ondo pasatzeko helburua badute ere, hausnartzeko eta ikasteko tartea ere izango da, tartean Senegalen eta Bosniaren gaineko berbaldiak.

 Antolatutakoen artean hitzaldiak daude: gaur, maiatzak 27, Senegalen gainekoa eta ekainaren 10ean Bosniaren gainekoa. Gabon inguruan egin zuten lehenengoa, Ekuadorren gainekoa. "Helburua zen umeei munduko herrialdeak, berdintasuna, toki bakoitzeko beharrak… erakustea. Eta ohartu ginen Gatzagan bertan bageneukala adibide bat bertako txikienei erakusteko, Ekuadorretik etorritako familia", dio Dorleta Elkorobarrutia antolatzaileetako batek: "Ondoren Gatzagara eguenetan diskoak saltzera etortzen den Alladhi senegaldarrarekin egin nuen berba; ezaguna da herrian eta bere historia ere oso interesgarria da. Eta azkenik ezagunak ditudan bosniarrekin geratu naiz".

Berbaldiak –bai Senegalen gainekoa, bai Bosniaren gainekoa– hiru ataletan banatu dituzte: herriko ume txikienek, 6 urte bitartekoek, emango diote hasiera; gero 13 urtekoek herrialdearen gaineko datu orokorrak eta argibideak emango dituzte ikus-entzunezkoa eskainita; eta azkenean gonbidatuek euren testigantza eskainiko dute: bizimodua, Euskal Herrira etortzeko arrazoiak, zelan etorri ziren, zelako harrera egin dieten…

Kontzertua eta irteera

Berbaldiak ez dira udara begira antolatutako ekitaldi bakarrak. Hurrengo egubakoitzean, ekainak 3, kontzertua eskainiko dute hainbat gaztek kultur etxean (18:00). Kanpotik etorriko dira baina herriko musikariak ere gonbidatu dituzte ekitaldira.

Eta ekainaren 4an eta 5ean irteera egingo dute Angostoko kanpinera (Araba). 27 bat lagunek eman dute izena eta aste bukaera pasa polita izango delakoan daude: "Ez dugu aurrez ezer antolatuta, baina seguru asko txangoak egingo ditugu, bizikletan irteerak, jolasak txikienekin, futbol partidak gazteekin…", jakinarazi du Imanol Saez de Viteri Gureleko batzordeko kideak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak