12 abesti oso ezberdinek osatzen dute lana.
Gure musikak ez dauka estilo finkorik. Mikel Gartziak konposatzen ditu abesti gehienak eta gustuko duen musikan oinarritzen gara doinuak egiterakoan: Brasilgo melodiak, Europa ekialdekoak, flamenko ukituko doinuak, jazza… fusioa egiten dugu. Konplexurik gabeko diskoa da. Abesti batetik bestera sorpresak sartu ditugu. Diskoak, baina, badauka gidatzen zaituen haria.
Gaur ere patioan eta Take Five kantuen erritmo aldaketa entzun besterik ez dago.
Bai, sekulako erritmo aldaketa dute! Gaur ere patioan abestian, Inazio eta haren gitarraren melodia bakarrik entzun daiteke. Take Five entzuterakoan, berriz, Malaturen esentzia nabaria da. Doinuakezagun egiten du taldea.
Diskoak Cabo Verde, New Orleans, Habana, Cadiz eta Lekeitiora garamatza.
Musikari batendako ederra da kultura horiek guztiak hartu eta bateratzea. Hori da ijitoek historian zehar egin dutena: Indiatik atera eta Iberiar Penintsularaino bidaiatu dute. Toki guztietatik hartu dute zerbait; begira flamenkoan nola islatu den.
Mikel Laboari ere omenalditxoa egiten diozue diskoan.
Gure abeslariaren, Inazio Gabilondoren, tinbrea oso antzekoa da. Hark abesti batzuk bazeuzkan eginak Malatun hasi aurretik. Konposatzeko eta kantatzeko era Laboaren antzekoa dauka, gainera. Izan ere, denok maite dugu Laboa eta haren influentzia igarri egiten da.
Swingik badago Euskal Herrian?
Jazzaren hizkuntza nahiko konplexua da ulertzeko. Badago zaletasuna, baina ez handirik. Musikari oso onak daude Euskal Herrian, baina jendeak ez du askorik estimatzen.
Zuzenekoetako inprobisazioak ikuslea gustura uzten du?
Ikusmina izaten da gure kontzertuetan. Musika ezberdina da, eta, agian, ez daude ohituta. Gure zuzenekoak hasiera lasaia dauka, baina kontzertuak eboluzionatu egiten du eta intentsitate handiz amaitzen da. Edonorendako eta adi egoteko zuzenekoak dira. Sor ditzakegun sentsazioetan oinarritu gara; izan ere, inprobisazioa zuzenekoaren parte garrantzitsua da. Gustura gaude publikoarekin izaten dugun komunikazioaz.
Autoekoiztutako lana da.
Plazatik plazara urte asko eman ostean, diskoa grabatzea erabaki genuen. Guk egin dugu guztia eta bi urte eman dugu horretan. Ondoren etorri zitzaigun Gaztelupeko Hotsak diskoetxekoekin lan egiteko aukera. Eurek duten filosofiarekin bat gatoz. Musika berriaren aldeko apustua egiten dute; ikuspuntu komertziala alde batera uzten dute-eta. Hemen izango duzue gure berri: www.myspace.com/malatujazz.
Doinuen ijito edo kontrabandistak
Historikoki badira lapur dotoreak, ez hain dotoreak, eta baita bohemioak ere. Horien artean ijitoak dira erregeak, handik eta hemendik hartu eta euren ezaugarri jakinetara guztia egokitzen dutenak. Gasteiz eta Leintz-Gatzaga artean kokatutako talde "aske" honetako kideek ere antzera egiten dute. Tarteka jazz lengoaia erabiltzen badute ere, herrialde eta tendentzia desberdinetatik testurak hartu eta kide bakoitzak berea emanda, nahasketa bitxi bezain beroa egiten dute, kontrastez betetakoa: Laboaren abesteko eraren antzekotasuna duten euskarazko piezatan, bada Ekialdeko ijitoen girorik, Afrikar zein latindar erritmoak edo swinga, besteak askoren artean.
Iker Barandiaran