Sei etxe eraikitzeko herrian erosle bila dabiltza eskualdean

Mirari Altube Arrese 2011ko apirilaren 12a

Debagoienera zabaldu du Udalak Rosario kalean sei etxebizitza egiteko asmoaren berri. Herritarren artean iragarri zuen lehenengo, horiek lehentasuna izan zezaten, eta orain eskualdera zabaltzea erabaki du. Etxe horietako hiruk prezio tasatua izango dute eta gainerako hirurak libreak izango dira.

Eraikuntza enpresa batekin adostuta eraikiko dituzte sei etxebizitzok. Horietako hiru libreak izango dira: duplexak bi, ia 120 metro koadrokoak; eta hirugarrena, 90 metro koadroko etxea.

Beste hirurak Udalak gestionatuko ditu eta tasatutako prezioa izango dute –150.000 eurotik 247.000 eurora bitartean–: bat duplexa, 103 metro koadrokoa; eta beste biak 70 metro koadroko etxeak. Hala ere, jakinarazi dute Gatzagako Udalak ez duela tasatutako etxeen araudirik eta prezioa mugatuko duela bakarrik, gainerako balditzarik izan gabe.

Sei etxeek, gainera, 10 metro koadro inguruko trastelekua izango dute erdi-sotoan.

Argibideak udaletxean

Etxeotan interesatuta dauden debagoiendarrek Gatzagako udaletxera deitu beharko dute –943 71 47 46– eta argibide gehiago jasoko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak