Nola iritsi zitzaizun Gatzagako alkate izateko aukera?
Orain arte hautesle elkarte bat aurkeztu izan da, Gatzagan ez dago alderdi politikorik, herritarrak gara aurkezten garenak. Bilera batera deitu gintuzten eta handik irten ginen.
Nola gogoratzen dituzu alkate izandako urteak?
Hemen arazoa da dirurik ez dagoela; pentsatzen dut orain daudenek ere arazo bera izango dutela, eta, agian, krisiagatik arazo handiagoa. Dirua lortzen ibiltzen ginen.
Alderdirik ez egonda, samurragoa izango da akordioetara iristea.
Bai, guk izan dezakegun arazoa da iritzi ezberdina izatea, baina ez da alderdi politikoek duten arazoa: nik zuri kontra egitearren... ez, hemen ez da horrela. Modu ezberdinean pentsatzea izan daiteke Gatzagan dagoen arazoa. Ahalegintzen ginen denak akordiora iristen. Gure kasuan, bost zinegotzi ginen, eta ahalegintzen ginen aho batez adosten gaiak. Ez ginen alderdi batekoak, herritarrak ginen eta herriaren alde lan egiten genuen.
Zuen garaian, Arlaban gaineko plan berezia egin zenuten.
Aurreko agintalditik zetorren gaia zen hori. Orain daudenek guk egindakoa jarraitu dute, baina guk ere aurrekoei jarraitu genien. Ideia aurretik zetorren eta guk egin genuena izan zen plana legeztatu. Ikusten zen aldatu egin behar zela legea; egin dena da Arlaban gaineko lurrak legeztatu. Norbaitek tailer bat egin gura badu, aukera izan dezala, adibidez. Plan estrategikoa bezala da.
Diputazioarekin lan egiterakoan nola konpontzen zineten?
Ondo; gertatzen dena da dirulaguntzak jasotzeko orduan, aurrekontuaren %40 ematen zutela, adibidez. Baina gainerakoa guk jarri behar izaten genuen; eta, Gatzaga bezalako herri batendako hori asko denez, askotan dirulaguntzak galdu egiten genituen.
Garraio zerbitzua jarri zenuten martxan orduan.
Bai, orduan hasi ginen eta gerora asko hobetu da. Ez dakit ze punturaino erabiltzen den... baina, aurretik esan bezala, proiektu hau beste batzuk bezala aurretik dator. Gertatzen dena da haiek ez zutela lortu aurrera egitea eta guk bai.
Taxi-bus zerbitzua, adibidez, Elgetan ere jarri zen garai hartan. Taxi batek ordutegi jakin bat egiten zuen, eta, gainera, aukera zegoen deituta hartzeko taxia. Baina horrek kostu handia zeukan Udalarendako. Gure agintaldiaren amaieran autobusarekin hasi ginen; hasieran, lau autobus pasatzen ziren eta orain, uste dut zortzi pasatzen direla.
Saneamendua eta gasa sartu zenuten herrian. Beharra zegoen?
Saneamendua eginda zegoen, baina urte asko zeukan eta berritu beharra zegoen. Aurrekoek egin zuten proiektua, eta guk dirulaguntza eskatzeko ardura izan genuen. Hiru fase dira; bada, guk lehenengoa egiteko dirua lortu genuen.
Soran jauregia zuek saldu zenuten.
Proiektua zegoen hotel bat egiteko, baina ez zen egin. Hala, etxea jausten zegoela ikusita lehiaketara atera zen, hotela eta jatetxea egiteko baldintzarekin. Zerbitzu ona ematen du.