Emakumea gai duen film laburra emango dute bihar, hilak 11, (19:00) kultur etxean; Kepa Errasti aretxabaletarrak zuzendutako Maritxu film laburra hain zuzen.
Zapatuan, ostera, bazkaltzeko elkartuko dira hainbat sorgin, urtero legez. Gure Ametsa jatetxean dute hitzordua, eta umore ona lagun, giro ezin hobean ospatuko dute eguna. Bazkalostean kontu kontari jardun eta dantzan egiteko tartea izango dute. Isuskiak jasoko dituzte gero bertaratutako hiru sorginek.
Kartelak Labidea dendan
Bestalde, Bideberri mankomunitateak –Antzuola, Elgeta eta Gatzaga– antolatutako Emakumeen Eguneko kartel lehiaketara aurkeztutako lanak martitzena arte, hilak 15, egongo dira ikusteko moduan Labidea dendan. Lehiaketa hori Elgetan bizi den Alizia Gartziak irabazi du, Ez dugu zergatik berdinak izan behar eskubide berdinak izateko leloa duen zuri beltzean egindako kartelarekin. Guztira 11 lan aurkeztu zituzten.