Frontoi eraberritua inauguratuta eta ur hornikuntzaren proiektuaren lehen harria ipinita

Miren Arregi Amasorrain 2011ko otsailaren 20a

Zapatuan inauguratu zuten frontoi eraberritua eta ur hornikuntzaren lanak martitzenean hasiko dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiaren 'Landagipuzkoa32' proiektuaren baitakoak dira proiektu biak. Ekitaldian izan ziren Rafael Uribarren Landa Garapenerako Diputatua, Florentino Ugalde Etorlurreko gerentea eta Eusebio Villar Gatzagako alkatea.

Landagipuzkoa 32 Gipuzkoako Foru Aldundiak 1000 biztanletik  beherako herriak indarberritzeko helburuaz sortutako egitasmoa da. Proiektu horren baitan, Gipuzkoako 1000 biztanletik beherako 32 herritan, 39 proiektu gauzatzen dihardu Foru Aldundia; hain justu, horietako bi dira Gatzagan zapatuan aurkeztu zituztenak.
Batetik inauguratu zuten Gatzagako pilotaleku zaharberritua. Hain justu, lehendik zegoen markesinaren estalkia egokitu, birgaitu eta hobetu dute, lehengo kobrezko estalkiaren ordez zeramikazko teila gorria ipiniz; markesina bera lurreraino ere jaitsi dute pilotalekuaren aurrealdean eta azkenik, pilotalekua guztiz itxi dute. "Gatzaga herri hotza da eta pilotalekuari egin diogun itxiturarekin, frontoiaren erabilera hirukoiztu egingo da" esan zuen inaugurazio ekitaldian Eusebio Villar alkateak. Hain zuzen ere, dagoeneko igarri dute frontoi berrian erabilera asko igo dela: "Agian orain eskaera handiegia izango da. Hori horrela bada, udaletxeak erabaki du, ordu beteko txandak egitea, herritar guztiek izan dezaten pilotalekua erabiltzeko aukera".

Ur deposituaren lehen harria 
Frontoi berriaren inaugurazio ekitaldia aprobetxatu zuten Arlaban gaineko ur hornikuntza eta saneamenduaren lanei hasiera emateko; izan ere, proiektu hau ere, Landagipuzkoa 32 egitasmoaren baitakoa da. Hain justu, eta lehorte garaian herria ur gabe gelditzeko arriskua  zegoela ikusirik erabaki dute lan hauek egitea. Hala, eta Gatzagainen ura badagoela ikusirik, bertan ur depositu bat egingo dute. Hura herrian dagoenarekin lotu eta goitik behera, hodi sistema baten bitartez, herrira ura ekarriko dute. Lan horiek aprobetxatuko dira, gainera, ur zikinak batuko dituen beste sare bat egiteko. "Sistema honekin, gainera, orain herrira ura ekartzeko dugun sistema merkatuko dugu" adierazi zuen alkate Eusebio Villarrek.

Instituzioen ordezkaritza
Zapatuko ekitaldi bikoitzean izan ziren,Landa Ingurunearen Garapeneko Diputatu Rafael Uribarren, Florentino Ugalde, frontoiaren eraberritze lanak egin dituen eta ur hornikuntzaren lanak egingo dituen Etorlur enpresako gerentea, Eusebio Villar Leintz Gatzagako alkatea, zinegotziak eta hainbat herritar. Rafael Uribarren diputatuak azpimarratu zuen, egun pozgarria zela gatzagarrendako eta baita Foru Aldundiarendako ere, herri txikien eta handien arteko zerbitzu oreka bermatzea, diputazioaren ardura ere badelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak