Amaia Olabe: "Herri txikiak, betiko moduan, ahaztuta dituzte, eta bultzada behar dute"

Mirian Biteri 2011ko ots. 12a, 01:00

Leintz Gatzagan aski ezaguna da Amaia Olabe, mila saltsatan dago-eta sartuta. Izatez aretxabaletarra baldin bada ere, 15 urtetik gora daramatza Debagoieneko herri txikienean bizi izaten. Gaur egun Gaztainuzketako egurrezko etxeak ustiatzen ditu eta joan den astean hantxe topatu genuen, lasai-lasai, zeruari eta menditik sartu berria zen eguzkiari begira.

Nolatan aretxabaletar bat Leintz Gatzagan?
Garai hartan baserri bat topatzen ari ginen, beste bikote batekin batera. Dorletan aurkitu genuen eta Leintz Gatzagara etorri ginen bizi izatera. Asmoa, dena dela, ez zen baserritik bizi izatea; lantegian lan egin eta baserria bizi izateko gura genuen.
Ordutik hona15 urte baino gehiago pasa dira eta Leintz Gatzagan jarraitzen duzu. Zer dauka herri horrek Aretxabaletak ez daukana?
Oso gustura bizi naiz hemen. Aretxabaletan ez zegoena topatzera etorri ginen hona, bizi izateko beste modu baten bila. Aretxabaletak badauzka gauzak, baina hemen askoz lasaiago nago; eta parranda edo bestelako zerbait gura badut, Aretxabaletara jaisten naiz. Askoz ere lasaiagoa da Leintz Gatzaga.
Lasaia bai, baina herriko saltsa guztietan zaude sartuta...
Bai, hala da. Denboraldi baten askoz gehiago sartuta nengoen, baina tira... Ahal dena, behintzat, egiten saiatzen gara herrian. Ekimenak bultzatu behar dira herriari giro apur bat emateko.
Horren harira, Sorginak emakume elkarteko kide zara, ezta?
Bai. Asteon, gainera, batzarra izan dugu Martxoren 8aren harira. Zera antolatzen gabiltza: herriko emakume guztiendako bazkaria. Horrez gainera, aurrera begira, irteeratxoren bat edo beste ere egiteko asmoa daukagu, eta hor gabiltza...
Badakit, bestalde, Aratusteak eta mozorrotzea gustuko dituzula...
Hala da. Gaur egungo lanbidea dela-eta, azkenengo urteotan ezin izan naiz mozorrotu, baina oso gustuko dut mozorrotzea eta espero dut ohitura horrekin jarraitzea. Lehen, zapatuan, Gatzagan mozorrotzen nintzen, eta domekan,  beste mozorro bat gertatuta, Aretxabaletan. Bakoitzean bat erabiltzen nuen.
1999-2003 agintaldian Kultura zinegotze izan zinen. Zelan gogoratzen dituzu udaletxean pasatako urte haiek?
Lan asko egin genuen eta oso gogorra izan zen. Denetarik pasa nituen han; poztasun eta disgustu asko. Baina, aldi berean, ikasi ere asko ikasi nuen. Horren harira, datozen hauteskundeei begira, jendea izena ematera animatu gura dut, oso abesgarria delako.
Nik, dena dela, ez nuen agintaldi osoa bete. Zinegotzi  nintzela, Labidea denda zabaltzeko aukera sortu zitzaidan Aitziber Gorosabelekin batera. Udalak martxan jarri zuen zerbitzu bat zen, eta, lehiaketara atera zuenean, Aitziberrekin batera aurkeztu nintzen eta lortu egin genuen. Herriari giroa ematen zion tokia zen. Hori, baina, ez zen bateragarria zinegotzi karguarekin, eta, hori dela-eta, 2002ko azaroaren 28an kargua utzi behar izan nuen.
Kultura arlotik begiratuta, beharren bat badauka?
Zerbait falta dela iruditzen zait, baina horretarako dirua behar da. Udalean ez dago dirurik kultura mailan noizean behin ekimenen bat antolatu ahal izateko, hala nola antzerkia edo bestelako ekimenen bat. Nire ustez, herriari bizitasuna emango lioke horrek.
Labidean sei urte eman ondoren, lanbidez aldatu zenuen, Gaztainuzketako egurrezko etxeak ustiatzeko lehiaketa irabazita. Zelan Gaztainuzketan?
Hemen gaude, negozioa bultzatu guran. Oso gogorra da; astean zehar ez da mugimendurik egoten eta asteburuan ere ez dago handirik. Hor gabiltza, honi buelta zelan eman jakin ezinda. Bultzatu beharreko gunea da eta zerbait egin beharko lukete. Erakundeen zeregina da hori. Herri txikiak, betiko moduan, ahaztuta gaude. Jaurlaritzak edo Diputazioak kostaldeko turismoa bultzatzen dute gehiago; barrualdearekin ahaztuta daude; eta herri txikiek, hain justu, bultzada hori behar dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak