Otsailaren 19an egingo dute pilotalekuaren inauguratze ekitaldia

Mirari Altube Arrese 2011ko otsailaren 4a

Gatzagan eraberritutako pilotalekua hilaren 19an, zapatua, inauguratuko dute (12:00). Udaleko eta Foru Aldundiko ordezkariak izango dira bertan. Bestalde, Etorlurrek gaur, hilak 4, esleitu ditu ur deposituaren lanak: Erga SL eraikuntza enpresak egingo ditu.

Etorlur enpresak gaur esleitu ditu Gatzagaingo ur deposituaren lanak. Donostian egoitza duen Erga SL enpresak egingo ditu, eta 455.940 eurotan ezarri dute gastua. Bost hilabete izango dituzte lanok egiteko.

Landagipuzkoa egitasmoari esker egingo dituzte ur deposituaren lan horiek, eta Arlabango plan berezia egin ahal izateko behar-beharrezkoa da. Lanok, gainera, saneamendu hodiak jartzeko aprobetxatuko dituzte.

Pilotalekuarekin pozik

Iaz beste proiektu bat bideratu zuten Landagipuzkoari esker: pilotalekuaren eraberritze lanak. Behin lanok bukatuta inauguratu egingo dute eta ekitaldia otsailaren 19an, zapatua, (12:00) izango da. Ekitaldi horren nondik norakoak oraindik zehazteko dauzkate, baina Udaleko eta Foru Aldundiko ordezkariak izango dira bertan.

Estalkia aldatu diote eta kristalezko hormarekin pilotaleku guztia itxi. Herritarrak oso pozik daude egindako lanokin umeen jolaslekua izateaz gain kirol eta ospakizunetarako gunea eta herritarren topalekua delako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak