Gatzagak hainbat lan ditu egiteko eta hainbat hobetu behar; proiektu bat dagoeneko abian ere badu: Gatzagaineko ur depositua. Asteotan esleituko ditu lanak Etorlurrek eta gero lanak hasi. Hala ere, Eusebio Villar alkateak uste du hiru direla Gatzagaren erronkak: arau subsidiarioen berrikusketa; herrira doan errepidea zabaltzea; eta ur hodien hirugarren faseko lanak egitea.
80 urteko ur hodiak
Hiru lan horiek lehentasuna izan beharko luketela uste du alkateak, nahiz eta jakin samurra ez dela izango, egoera ekonomikoa kontuan hartuz gero.
Arau subsidiarioen berrikusketa 10 urtetik behin egitea gomendatzen dute eta Gatzagan ez dute egin azken 25 urteotan; horregatik askoz gehiago ezin dela atzeratu uste du. Errepideari dagokionez, 200 urtean hobekuntza lan garrantzitsurik ez dela egin dio Villarrek, eta "kurba nagusienak kendu eta errepide guztia zabaltzeko ordua dela". Eta ur hodiei dagokienez, herriko hainbat gunetan orain dela 80 urtekoak dituztela oraindik eta aldatu beharrean daudela jakinarazi du.