Zundaketek diotena jakiteko bi urte behar dira

Mirari Altube Arrese 2011ko urtarrilaren 24a

Ia urtebete pasatu da zundaketa lanak egin zituztenetik Gatzagan. Herriko bost tokitan sartu zituzten hodiak 30 bat metrora, eta ordutik hiru hilabetero pasatzen dira datuak jasotzen. Datu horiek diotena jakiteko oraindik goiz da, izan ere, gutxienez bi urte beharko direla ondorioak ateratzeko esan diete adituek Udal ordezkariei.

Zundaketa horien helburua da herria mugitu egiten den edo ez jakitea. Udal ordezkariek susmo hori daukate, eta Aldundiari jakinarazi ostean aztertzea erabaki zuen horrek. Azterketa horren emaitzak datorren urtean jakingo dituzte, eta horiek diotenaren arabera jokatu beharko dute gero: "Ikusi egin behar zer dioten, eta azterketa hori nahikoa izango den edo ez", dio Eusebio Villar alkateak.

Arau subsidiarioen berrikusketa

Azterketa horrek arau subsidiarioekin du zerikusia. Izan ere, arauen berrikusketa egin beharrean daude Gatzagan, 1986tik begiratu barik daudelako, baina herriaren mugimendu horrek dena baldintzatzen duela dio alkateak, "etxeak egitea esaterako". Arauen berrikusketari heltzeko, gainera, aurre-ikerketa geologikoa egin beharko litzatekeela uste du: "Urak nondik pasatzen diren ikertu, lurrak aztertu… Baina horrek gastu handia dauka, 50 mila euro ingurukoa, eta Udalak ez dauka dirurik".

Hortaz, Gatzagak daukan erronken artean egon arren arau subsidiarioen berrikusketa, urte batzuetan ezingo diotela heldu iragarri du Villarrek "diru kontua delako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak