Pilotalekuaren erabilera arautzea aztertuko dute

Mirari Altube Arrese 2011ko urtarrilaren 13a

Pilotalekua eraberritu ostean jende gehiagok erabiliko ote duen beldur dira hainbat herritar, eta arautu beharra dagoen edo ez erabilera hori aztertuko du Udalak datorren bileran.

Gatzagako pilotalekua edonork erabil dezake egun, herritar zein kanpotar, eta argindarra bakarrik ordaindu behar dute. Eraberrituta dago orain pilotaleku hori, kanpoko estalkia aldatu diote eta guztiz itxi dute kristalarekin, eta jende gehiagok erabiliko ote duen beldur dira herritar batzuk. Gatzagan, gainera, hainbat erabilera ditu pilotalekuak: eskolako umeen jolaslekua, ospakizunen gunea eta eguraldi txarrarekin jolaserako tokia, beste batzuen artean. Hori horrela, arautu beharraren alde agertu dira batzuk.

Ordubetera murriztea

Udalak oraindik ez du kontu horren inguruko erabakirik hartu, eta Eusebio Villar alkateak esan du asteotan zelan funtzionatzen duen frogatu gura dutela: "Arazorik sortzen den ikusi gura dugu eta gero hartu erabakiak". Hala ere onartu du kexa batzuk jaso dituztela "luzaroan erabiltzen dutela batzuek" esanaz eta "erabilera ordubetera murrizteko" eskatuz.

Hala bada, Udaleko kideek egingo duten hurrengo bileran aztertuko dute gaia, eta herritarren iritzia kontuan hartzeko asmoa agertu du alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak