Etxeak egiteko interesa du Udalak, eta herritarren iritzia jakin gura du

Mirari Altube Arrese 2010ko abe. 20a, 11:45

Agintaldia bukatzeko sei hilabete inguru geratzen dira, eta Eusebio Villar alkatea Goiena Telebistako Magazinea saioan izan zen. Jakinarazi zuen ez duela asmorik alkatetzara berriro aurkezteko, baina orain artekoak izan zituen berbagai. Hemen jaso ditugu Villarren adierazpenak.

Datorren urteko aurrekontua goiz onartzera behartu dituena –abenduaren 1ean onartua– mailegu eskaera izan dela argitu zuen; izan ere, inbertsioetarako ez dago dirurik eta mailegu bidez egingo dituzte proiektuak; ur-deposituarena, esaterako. Proiektu hori Etorlurren eskuetan dago, eta jakinarazi zuen egunotan egingo dutela lan deialdia: "Urtarrilean esleitu eta otsail bukaeran lanean hasiko direla uste dut. Lanak egingo dituen enpresak esango du zenbat iraungo duten, baina gehienez 8-10 hilabete". Depositu horrek Goierri auzo inguruan eta Gaztainuzketan duten ur gabezia konponduko du, eta, gainera, Arlaban gaineko plana aurrera eroan ahal izango dute. Plan horri esker Jakionek egoitza berria izan dezake Arlabanen: "Behar-beharrezkoa da Jakionen aldaketa, orain oso leku gutxi daukatelako". Eta turismoak ere izango du lekua: "Turismoa garatzeko lursaila jarri duen udal bakarretakoak izango gara", esan zuen alkateak.

Bestalde, astean bukatuko dituztela pilotalekuaren berritze lanak argitu zuen. Kristalarekin guztiz itxi dute eta herritarrak gustura geratu direlakoan dago: "Datorren urterako pilota txapelketak egiteko interesa agertu dute, behintzat".

Gatz museoa indartu beharra

Rosa Urretak, Sorginak emakumeen elkarteko kideak, orain arteko lana eskertzearekin batera gatz museoa bultzatzeko eskatu zion Villarri. Alkateak esan zuen lan batzuekin hasi direla, eta bi fase egin ere bai –Espainiako Gobernuak eta Ereinek bideratutako laguntzei esker–, Santa Kolunbako ermita konpondu esaterako, museoko sarrera eta harreragunea izan dadin. Hala ere, onartu zuen beste bi fase behar dituela inguru horrek behar bezala txukuntzeko. Eta argitu zuen plan orokorrago baten aldekoa dela: "Txirrindularitzari eskainitako erakusketaren kontua ere hor daukagu, aurreproiektua eginda, baina geldi. Dorletako santutegian izango litzateke, eta Elizak zer esango zain gaude". Hala, museoaren inguruan txirrindularitza eta artisauak ere kontuan hartuta osatuko litzatekeen proiektua garatzearen alde agertu zen.

Eugenio Otsoa gatz museoak bisitariak ekartzen dituela herrira uste du: "Baina seguru nago Debagoienean oraindik askok ez dutela ezagutuko", bukatu zuen. Era berean, onartu zuen herrian dauden ostalaritza negozioek ez dutela bizi unerik gozoena: "Larri antzean dabiltzala uste dut, baina kontua orokorra da, edonon dabiltza larri eta".

Arau subsidiarioak egiteko

Herrian etxe batzuk egiteko interesa dutela ere jakinarazi zuen Villarrek. Sei egiteko asmoa dago: erdiak Udalaren lurretan eta beste erdiak eraikuntza enpresa batenean: "Herritarrek interesik duten jakin nahian galdeketa egin dugu. Nik izena ematera animatuko nituzke interes apur bat dutenak, eta gero erabakiko da zelakoak egin Udalarenean… Interesik ez badago, bailarara zabalduko dugu deialdia". Lehenago egin behar zirela etxeok onartu zuen, "gazteak alde eginda daudelako", baina baten batek gura dezakeela uste du.

Gurel guraso elkarteko kide Dorleta Elkorobarrutiak galdetu zion datorren agintaldiko udalbatzak zein lanekin jarraitu gurako lukeen. Eta alkateak erantzun zion "arau subsidiarioek buelta bat" emateko premia dutela: "Baina ez da batere samurra lan hori. Ikerketa geologikoa egin beharko litzatekeela aurretik uste dut, eta horretarako ez dago laguntzarik. Herriak norantz jo beharko lukeen asmatzea ez da batere samurra".

Bestalde, wi-fia edo banda zabala noiz iritsiko den Gatzagara jakin gura izan zuen Gureleko kideak. Euskaltelekin harremanetan egon direla erantzun zion, eta azterketatxo bat ere eginda daukatela Euskaltelekoek, baina ez dakitela kontua aurrera joango den onartu zuen.

Bukatzeko, herrirako sarreretan Aldundiak jarritako semaforoen gainean jardun zuen: "Herriko sartu-irtenak lasaiago egiteko zerbait behar genuen eta herritarrak gustura daude orain. Gainerako erabiltzaileendako eragozpena izan daiteke, baina beste modurik ez dugu asmatu. Hala ere, nik uste dut errepideko bihurguneek dutela konpontzeko behar handiagoa; izan ere, Gatzagara doan errepide zaharra orain dela 200 urte bezala dago".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak