Datorren urtean Gatzagainen egingo duten ur-deposituaren lanak hasiko dituzte, 617.028 euroko aurrekontua duten lanak, eta Landagipuzkoa egitasmoak bideratutako diru-laguntza jaso arren, Udalak ere jarri beharko du zati bat. Horretarako mailegua eskatuko du, eta noiz komeni zaien hori eskatzea aztertzen dabiltza orain, 2010ean edo 2011n. Hurrengo osoko bilkuran onartuko dute mailegu horren eskaera –data zehaztu barik– eta orduan hiru urterako plan ekonomiko-finantzarioa ere egingo dute. Hain zuzen mailegu horren eskaera izan da Udal aurrekontua hain goiz onartzearen arrazoia.
Ur deposituaren kontua Etorlur dabil bideratzen eta egunotan argitaratuko dutela lanen deialdia iragarri dute.
Uribarren diputatuaren bisita
Alkateak iragarri zuen abenduaren 14 arratsaldean, Rafa Uribarren Landa Ingurunearen Garapenerako diputatua etorriko dela herritarrekin egotera. Gipuzkoa eraikitzen egitasmo barruan antolatutako bisita da eta gatzagarrek kezkak eta iradokizunak agertzeko aukera izango dute.